Desalojoak bertan bizi ziren pertsonen ahultasun-egoera larriagotzen du
Iruñeko Udalak Agustindarren Komentua hustu zuen atzo, Aranzadi parkean, eta ia ehun pertsona bizi ziren bertan. ELAk salatu du desalojo horrek larriagotu egingo duela pertsona horiek pairatzen duten ahultasun bereziko egoera, Udalak hiru gauerako bizitoki-alternatiba bat baino ez baitu bermatzen. Ez dira gertaera isolatuak: joan den abenduan ehun pertsona baino gehiago atera zituzten etxetik Donostiako Martutene auzoan, eta urrian beste ehun inguru Bilboko Zorrozaurre auzoan.
Sindikatuaren ustez, Udalak argudiatutako "osasungarritasunik gabeko baldintzak" ez dira esparrua husteko arrazoi justifikagarri bat, Udala ez baita gai bertan lo egiten zuten pertsona guztiei alternatiba bat emateko, ez baitago ezer osasungaitzagorik kalean lo egitea baino.
Atzoko desalojoak kolektibo bat kriminalizatzen laguntzen du, gehienak etxegabetasun-egoeran dauden magrebtar jatorriko gazteak, etxebizitza duina lortzea bermatzen ez dion sistema baten ondorioak jasaten ari direnak. Gainera, Udalak berak prentsa-oharrean aitortzen zuenez, bertan lo egiten zuten pertsonen egoera indibiduala ebaluatu gabe egin zen hustea.
Horregatik guztiagatik, sindikatuak premiazkoa deritzo Iruñeko Udalari, Nafarroako Gobernuari eta beste udalei etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko baliabide nahikoak bideratzeari.