Corrugados Azpeitiako lan erregulazio txostena baliorik gabe utzi du Justizia Auzitegiak
2012/12/12
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Corrugados Azpeitia enpresako zuzendaritzak aurkeztutako lan erregulazio txostenaren aurka jo du. Gauzak honela, ELA eta LAB sindikatuei arrazoia eman die Auzitegiak eta lan erregulazioa baliogabetu du, zuzendaritzak ez duela negoziatzeko borondaterik agertu argudiatuz.
Enpresako zuzendaritzak 60 langile kaleratzeko asmoa zuen –duela hilabete batzuk, 100 bidali zituen–; gainontzeko langileei soldata %35 jaitsi nahi zien, eta urteko lanaldia 49 ordu luzatu. Hainbat protesta egin dituzte langileek azken hilabeteetan. Besteak beste, greba hasi zuten iragan ekainean, eta enpresan itxialdia egin zuten abuztuan.