Lakuntza: "Espekulazioari aurre egin behar zaio, eta etxebizitzak negozio izateari utzi behar dio"
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak etxebizitza politikak aldatzeko beharra defendatu du Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan. Lakuntzak eredu aldaketa aldarrikatu du, espekulazioari amaiera emateko, inbertsio publikoa handitzeko eta etxebizitza duina eskuratzeko aukera lehenesteko. Erakundeek gai horri ematen dioten garrantziaren adierazgarri gisa, etxebizitzara bideratutako gastua aurrekontuen % 2,7 baino ez dela nabarmendu du; haren iritziz, kopuru hori ez da nahikoa arazoaren larritasunari erantzuteko.
"Greba orokorrak helburu argia du: etxebizitza politikak aldatzea, herrialde honetan bertan hasita, etxebizitzaren arloan eskumen ia esklusiboak baititugu", adierazi du. Lakuntzak azpimarratu du mobilizazioaren xedea milaka pertsonari beren bizi proiektua garatzea eragozten dien egoerari erantzutea dela, baita "higiezinen espekulazioa sustatu duen" eredua aldatzea ere.
Lakuntzak adierazi duenez, etxebizitzaren arazoa, soldata apalekin eta zailtasun ekonomikoekin batera, gizartearen kezka nagusietako bat bihurtu da. Horregatik, "inbertsio publikoa handitzea, alokairu sozialeko etxebizitzen parkea zabaltzea eta etxebizitza negozio gisa tratatzeari uztea" eskatu du.
Gobernuan dauden alderdien politikak kritikatu ditu Lakuntzak. EAJri eta PSEri, batetik, eta PSNri eta UPNri, bestetik, "espekulazioa eta bankuen, eraikuntza enpresen eta higiezinen sustatzaileen interesak lehenetsi dituen" ereduaren erantzukizuna egotzi die.
Lakuntzak berriro nabarmendu du grebak helburu politiko esplizitua duela: etxebizitza politikak aldatzea eta "higiezinen espekulazioa sustatu duen" eredua iraultzea. "Grebaren bidez, administrazio maila guztiei erantzukizunak eskatu nahi zaizkie, paradigma aldatu behar baita, eta etxebizitzarekin negozioa egitea gizartean normaltzat jotzeari utzi behar zaiolako", gaineratu du.
Agenda propioa
Greba orokorrean protagonismoa eta aldarrikapenak etxebizitza sindikatuekin partekatzearen alde egin du ELAk. Lakuntzak azaldu duenez, azaroaren 11rako deitutako mobilizazioa ez dator bat ELAk hasieran proposatutako planteamenduarekin. Izan ere, sindikatuak "Espainiako Estatuko alderdien eta hauteskundeen dinamiketatik urrundutako greba orokorra" defendatzen zuen, ardatza bertako gobernuetan jartzeko.
Hasierako proposamenaren arabera, mobilizazioa azaroaren 5ean egitea zen asmoa, etxebizitza sindikatuekin eta LABekin batera; alabaina, ez zen azken horrekin akordiorik lortu. "Euskal erabaki esparrua defendatzea garrantzitsua zen guretzat, ez baikara Espainiako sindikalismoaren azpisistema bat", adierazi du Lakuntzak.
Etxebizitza eta eskuin muturraren gorakada
Elkarrizketan, Lakuntzak etxebizitzaren krisia eskuin muturraren gorakadarekin ere lotu du. Azaldu duenez, ez da nahikoa azken unean eskuin muturraren aurrerabidea geldiarazten saiatzea; aitzitik, beharrezkoa da herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten arazo materialei heltzea, hala nola soldatei, pentsioei eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunei.
"Ezin zaio eskuin muturrari azken unean soilik aurre egin", ohartarazi du. Lakuntzaren iritziz, erakundeek herritarren premia materialei erantzuten ez dietenean, beste indar politiko batzuek gizartearen ezinegona bideratzeko aukera izan dezakete. Ildo horretan, etxebizitza eta bizi-baldintzak agenda politikoaren erdigunean jartzeak eskuin muturrari eztabaida publikoa baldintzatzeko tartea murrizten diola defendatu du.