ELAk ostiralean Bizkaiko Ostalaritzaren greban Ertzaintzak izan zuen jarrera salatu du

2005/11/07

ELAk iragan ostiralean Bizkaiko Ostalaritzaren alorreko greban Ertzaintzak izan zuen jarrera salatu du Bilbon eguerdian eman duen prentsaurrekoan. ELAko ordezkari German Kortabarria, Unai Martinez, Asier Lazkano, Aitziber Durango eta Azucena Serrano izan dira prentsaurrekoan. ELAk salatu duenez, "Ertzaintzak Bilbon izan zuen jokaerak ez zuen helburu bezala izan herritarren eskubideen defentsa, ostalaritzaren alorreko patronalaren defentsa baizik, batez ere hotel handien jabeen interesak. Ostiralean, Ertzaintza ustezko normaltasuna babesteko egon zen, eta batez ere ezerk ez zezan hainbat ostalaritza guneren lasaitasunarekin apurtu".

Langileen aurka eta patronalaren alde aritzea leporatu dio German Kortabarriak Ertzaintzari. "Ertzaintzak langileen kontra egin zuen era basatian; edo, zehatzago, bi ertzainek, kalez jantzitakoak, era basatian eta inolako arrazoirik gabe eraso zioten piketeko kide bati eta jipoitu egin zuten eta honen alde egin zuten beste bi emakume ere bai. Hori gertatzen zen bitartean hotela babesteko zeuden ertzain uniformedunek jipoitzaileei babesa eman zieten. Ostiralean Barne Sailaren erabaki politiko argia zegoen Ertzaintzaren jokabidearen atzean: ugazaben eta batez ere hoteletako ugazaben interesak zaintzearena, beren erosotasunaren ardura hartzearena. Donostiako ostalaritzako greban, berriz, ez zen inolako arazorik egon".

Bere jokabidea zuritzeko gezurretan aritzea leporatu dio ELAk Ertzaintzari. "Jipoi basatiari gezurra gehitu behar zaio. Jipoitua izan zen laguna, agintearen aurkako erasoa egitea leporatzen diote. Erasotua izateko zorte txarra baduzu, zu erasotzailea zarela leporatzen dizute".

ELAko ordezkariek hainbat eskakizun egin dizkiete Barne Sailari: "Bi sekreta horiek identifikatu ditzatela, bere erantzukizunak argitu eta Barne Saila akusazio gisa pertsonatu dadila bi ertzain hauen aurkako prozesuan eta guzti honetaz informazio argia eman dezaiotela herriari. Kaleak itxi zituzten polizia arduradunen eta batez ere Carlton-en aurrean bi sekretek  hainbat lagun era basatian jipoitzen zuten bitartean jipoitzaleak babestu zituen ertzain taldearen arduraduna".