ehungintza, larrugintza eta marka oinetakoak

Merkataritzaren estatalizazioaren aurkako greba Bizkaian eta Araban

2025/11/28
Merkataritzaren estatalizazioaren aurkako greba Bizkaian eta Araban
Gasteizen, Decimas, Polinesia eta Woman secret dendek, besteak beste, ateak itxi dituzte greba dela eta; Bizkaian, Tendam, Stradivarius, Oysho, Lefties, Desigual, HyM, Zara edo Berskha taldeek ere egin dute bat deialdiarekin mobilizazio uneetan.

Gaur, azaroak 28, Black Friday eguna, Arabako eta Bizkaiko marka handien merkataritzan deitutako grebak jarraipen zabala izan du, eta agerian utzi du sektoreak ez duela nahi hitzarmen probintziala estatalizatzea, aho batez defendatu baitute lan baldintzak negoziatzeko eremu propioa.

Goizeko lehen orduetatik, langileek beren borroka sozializatu eta dendetako jarduera geldiarazi dute pikete informatiboekin, kontzentrazioekin eta mobilizazioekin.

Gasteizen, esaterako, Decimas, Polinesia eta Woman secret dendek, besteak beste, ateak itxi dituzte greba dela eta; Bizkaian, Tendam, Stradivarius, Oysho, Lefties, Desigual, HyM, Zara edo Berskha taldeek ere egin dute bat deialdiarekin mobilizazio uneetan.

Bilbon, manifestazio bat egin dute Moyua plazatik. Bertan, "enpleguaren kalitaterako, profesionalizaziorako eta plantillen egonkortasunerako giltzarritzat" jo dute esparru arautzaile propioa babestea. Izan ere, hitzarmen probintziala "ez da dokumentu tekniko bat bakarrik, eskubideak bermatzen ditu, lan harremanak orekatzen ditu eta Bizkaiko merkataritzaren espezifikotasuna babesten duen tresna bat da, Estatuaren homogeneizazioaren aurrean". Era berean, salatu dute estatizazioa "atzerakada nabarmena" izango litzatekeela soldaten, lanaldiaren, kontziliazioaren eta negoziazio kolektiboko hamarkadetan finkatutako beste eskubide batzuen arloan.

Araban, arratsaldeko 18:00etan bilduko dira langileak Corte Inglesen aurrean. Goizean, piketeek Bizkaiko lankideen mezu bera sozializatu dute, probintzia hitzarmenaren alde eta lan baldintzen estatalizazioaren eta okertzearen aurka.