ELAk auzitegi europarretara daraman bidea hasi du EAEn negoziazio kolektiboa galarazten duten erreforma laboralen zati bat indargabetzeko asmoz
Demanda honen helburua da estatuko jurisdikzioa gainditzea eta europar auzitegietara jotzea, hauek garantistagoak direlarik, salatzeko indarrean dagoen lege-markoak aukera ematen duela ELA sindikatua negoziazio kolektiboko eremu batetik baztertzeko, hots, urratu egiten direla askatasun sindikaleko eta negoziazio kolektiboko oinarrizko eskubideak, europar eta nazioarteko legedian aitortzen direnak. ELAk auzitegian ordezka dezan Luis Enrique de la Villa legelari ospetsua hautatu du; beronek gaur eman du auzibide honen xehetasunen berri.
- Gure demandaren argudio nagusiak honakoak dira:
Azken bi erreforma laboralen ostean negoziazio kolektiboari buruz indarrean dagoen lege-markoak zentralizazioa errazten du, negoziatzeko “bitarteko espazioak” -autonomiko edo probintzialak- itxi edo baztertu egiten baititu.
Negoziatzeko ahalmena soilik estatu mailako sindikalismoari aitortzea, eta ondorioz eremu autonomikoan diharduen sindikatuari ukatzea, nazioarteko lan-zuzenbidearen kontra doa, hain zuzen EBko Oinarrizko Eskubideen Kartaren eta Giza-Eskubideen Hitzarmen Europarraren kontra.
Kartaren 28. artikuluak dio sindikatu orok duela eremu egokian negoziatzeko eskubidea. Hortaz, Langileen Estatutuko lege-araubideak (84.3 eta 4 art., eta 85.3e art.) ezin du babestu lan-hitzarmenik, baldin eta honek ordezkaritza handieneko sindikatu bati negoziazio kolektibo baliagarria egiteko aukera eragozten badio.
- Horregatik, Auzitegi Nazionalari eskatzen zaio aukera hauetako bat erabaki dezala:
Eremu txikiagoan negoziatzea debekatzen duten klausula guztiak indargabetzea, indarrean dagoen ordenamenduaren, Askatasun Sindikalaren Lege Organikoaren eta Konstituzioaren mugak gainditzen dituztelako.
Erabakiko balitz hau guztia erreforma laboralen derrigorrezko ondorio dela, ELAren iritziz espainiar araudi hori europar zuzenbidearekin kontrajarri beharko litzateke; horregatik eskatzen zaio Aretoari Europar Batasuneko Justizia Goi-Auzitegiari galdera aurrejudizial bat luza diezaiola.
Azkenik, Auzitegi Konstituzionalera konstituzio-kontrakotasuneko gai bat eramatea eskatzen da, gure iritziz Langileen Estatutuak oinarrizko eskubideak urratzen baititu (hitzarmen estataletan klausula baztertzaileak txertatzeko aukera ematen duen heinean).
Auzitegi Nazionaleko epaiketa joan den irailaren 21ean izan zen; orain emaitza itxaron beharko da, baina nolanahi ere ELAk hasitako bide juridikoaren xedea da jarraitzea, harik eta europar auzitegiek juzka dezaten berzentralizatze estatal baztertzaile bat sustatzen duen lege-marko hau.
Hartara, aipagarriak dira Europar Batasuneko Justizia Goi-Auzitegiak duela gutxi beste gai laboral batzuri buruz argitaratutako ebazpenak, esaterako bitarteko langileentzako kalteordainaren ingurukoa; honen aplikazioak ziurrenik espainiar legeak aldatu beharra eragingo du, eta gauza bera gerta daiteke ELAk negoziazio kolektiboaren aurka jarritako demandak arrakasta izaten badu.