Muñoz:" Fiskalitatean eta aurrekontu publikoetan patronalak agintzen du"

2013/09/26
Muñoz:" Fiskalitatean eta aurrekontu publikoetan patronalak agintzen du"
ELAko ehunka kide elkarretaratu da gaur goizean Eusko Legebiltzarraren aurrean zerga politika justu baten alde. Une berean, EAJ eta PSE alderdien arteko akordioa eztabaidatu da Eusko Legebiltzarrean. Muñozen hitzetan "fiskalitatean eta aurrekontu publikoetan patronalak agintzen du" eta EAJ eta PSEren arteko akordioa iruzurra da langileontzat.

Muñozek iritziz honetan ere patronala irabazle da. "Gastu soziala osasungintza, hezkuntza eta gizarte-politiketan murriztu egiten da. Akordioaren sinatzaileek diotenez, luzatutako aurrekontuko finantziazio bera bermatuko da ,hots, 2012ko zenbatekoa. Beraz, beharrizan sozialen hazkundea esponentziala delarik, solidaritaterako ahalegina 2012ko mailan izoztuta geratuko da. Akordioak, haatik, argi uzten du diru gehiago egongo dela enpresentzat, eta kontratu berriak diruz lagunduko dituztela (%100ean)"

Bestalde, gobernua enplegu publikoa eta azpikontratatua suntsitzen ari dela, adierazi du ELAko idazkari nagusiak. "Horren adierazgarri lehiaketa publikoetako baldintza-pleguak, zeinekin batera baitatoz kaleratzeak eta soldata jaitsierak dira".

Bi alderdiek, PSE-EEk eta EAJk, murrizketa latzak ezarri dituztela salatu du Muñozek. "Biek, txintik esan gabe, dagokien esparruen Estatuak hartutako erabakiak aplikatzen dituzte. Ez da egia bien artean desadostasun handirik dagoenik; hitz hutsalen inguruko istilu mediatikoen atzean ez dago benetako lehia politikorik.

Akordioan, berez, ez dago sakoneko neurririk egoera honetatik ateratzeko azaldu du. “Gauza bat esan eta justu kontrako edukidun politikak hitzartzea iruzur sozial izugarria dela uste du ELAk.. Propaganda operazioaren atal bat da. Hain zuzen, operazio horrek botere ekonomiko eta mediatikoaren laguntza du; izan ere, beren mesedetan egiten diren politikak finkatzeko baliagarri baitzaie. Beraz, honelako akordioek herritarrak lokartzen saiatzeko dira; benetan hitzartutakoa ezkutatu egiten zaie”, argitu du.