"Parot dotrina" salatzeko manifestazioan parte hartzeko deia egin du ELAk
ELAren ustez, 2006an Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina, espetxe-onurak ezarritako zigor osoari aplikatu behar zitzaiola alegia, eta ez gehienezko 30 urteko zigorrari, erabaki politiko baten fruitu izan da, hainbat eta hainbat euskal presoren kaleratzea saihesteko erabakia. Honen ondorioz espetxeratu askori zigorra bidegabeki luzatu zaie, zenbait kasutan hamar urtetik gora.
Gorenak egindako interpretazio honekin duela hamarkadak espainiar estatuan aplikatu izan zena baztertu zuten, eta bultzada instituzional, politiko eta judizial baten eraginez etorri zen, PPk eta PSOEk sinatutako itun antiterroristaren itzalean. Zoritxarrez, itun hori oraindik indarrean dago eta ez dirudi aldatzeko asmoa dagoenik. ELAren iritziz 197/2006 doktrinak, "Parot” deituak, urratu egiten du, batetik, banakoen eskubideak murrizten dituzten zigorrentzako muga bat, hots, ezin direla atzera eraginekoak izan; baina baita segurtasun juridikoaren eta berdintasunaren printzipioa ere, zein zinezko babes judiziala izateko eta bergizarteratzeko eskubideak.
Horrenbestez, ELAk arbuiatu egin du joan den ostegunean Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia, Parot doktrinaren aurka jo zuten euskal preso gehienentzako irizpide horri eustea alegia. Halaber, ELAk salatu egin behar du Auzitegi Konstituzionalak sei urte hartu dituela 70etik gora presoren kondena luzatu duen doktrina bati buruzko erabakia plazaratzeko. Gainera, pentsa daiteke erabakia orain hartu duela Giza-Eskubideen Europar Auzitegiak uda baino lehenago ebatziko duelako doktrina berak preso politiko baten oinarrizko eskubideak urratu zituenez.
ELAren ustez arduragabekeria da une honetan Konstituzionala Gorenak ezarritako doktrinaren errora jo ez izana, mahai gainean zituen 31 helegiteetatik hiru egokitzat jo baititu, baina ez du besterik erabaki. Pentsa liteke erabaki honek, zeinak salbuespen eta mendeku politika areagotzen baitu, zergati politiko nabarmena duela.
Azkenik, ELAk ohartarazi nahi du doktrina honek preso daudenen senideei eragiten dien sufrimendu gehituari buruz. Gaixotasun larriak pairatzen dituzten hamalau preso politikoetatik sei duela hogei urtetik gora daude espetxeratuta, eta euretako bosti “Parot doktrina” ezarri zaie. Horregatik, ELAk exijitzen du doktrina hau berehala indargabetu dadila.