Jarraipen zabala lan baldintzak eta zerbitzu publikoa hobetzeko greban
Basozainak greban daude gaur ELA, LAB, AFAPNA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Hilabeteetan zehar elkarretaratzeak egin ondoren, behar adinako aurrerapausorik lortu ez denez, kolektibo honen lehen greba deitu da. Lanuzteak zein manifestazioan izandako parte hartzeak jarraipen zabala izaten ari dira.
Aldarrikapenak argiak dira: langile kopurua handitzea, soldata hobekuntzak eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko benetako neurriak hartzea. Eskari horiek langileen beharrizanei erantzuteaz gain, funtsezkoak dira Nafarroan kalitatezko Basozaien zerbitzu publikoa bermatzeko.
Nafarroako Gobernuak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Orain arte, sarrera eta irteera ordutegietan malgutasun handiagoa baino ez du proposatu, aldarrikapen guztiei erantzun gabe.
Irtenbidea langileen aldarrikapenei erantzungo dien benetako negoziazioa da. Gaurko lanuztearen ondoren, sindikatuek eta langileek hurrengo urratsak aztertuko dituzte, mobilizazioekin jarraitzeko, benetako aurrerapausoak lortu arte.