Aurrekontu politikek eta politika fiskalek langabeziara, pobreziara eta babesgabetasun sozialera kondenatzen jarraituko dute

2013/04/26
Aurrekontu politikek eta politika fiskalek langabeziara, pobreziara eta babesgabetasun sozialera kondenatzen jarraituko dute
Maiatzaren 30 greba orokorra deitzen duten sindikatu eta eragile sozialetako kideak elkarretaratu dira gaur goizean Bilbo Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian. Gehiengo parlamentariorik izan ez arren, murrizketak ezarriko dituztela Urkulluk eta Barcinak salatu dute.

 

Mobilizazioari deitu dutenek "gaurko kontzentrazioarekin errotiko aldaketa eskatu nahi dugu Hego Euskal Herrian burutuko diren aurrekontu politika eta politika fiskalean", adierazi dute. "Gaur, jendearen beharrizanak kapitalarenen aurretik jartzeko eskatzen dugu. Honek 180 gradutako aldaketa suposatzen du aurrekontu politikan. Osasungintza, hezkuntza, etxebizitza, prestazio sozialak etab.era bideratutako partidak handitu behar dira. Eta politika fiskala aldatu behar da azken urteotan errenta altu eta kapitalekoei egindako beherapenetan atzera egiteko, eta era berean, iruzurraren kontrako ikuskaritza nabarmen handituz. Hau gertatzen ez den bitartean, aurrekontu politikek eta politika fiskalek langabeziara, pobreziara eta babesgabetasun sozialera kondenatzen jarraituko dute".

Maiatzaren 30eko greban parte hartzeko deia egin dute. "Gizarte mobilizazioa erabilgarria da". "Urkulluk bere aurrekontuak erretiratu baditu gizarte mobilizazioa egon delako izan da, bere egitasmoa salatuz, pasa den martxoaren 12 eta 16ko manifestazioak bezala. Maiatzaren 30eko greba orokorra tresna egokia da langile-klasea eta gizartea orohar politika atzerakoi hauen kontra gaudela masiboki adierazteko eta berauen aldaketa exijitzeko. Ez gara geldituko aldaketa hau lortu arte. Maiatzaren 30a norabide horretan emandako pausoa da, eta hemen gauden erakunde sindikal eta sozialek 30aren ondoren bide honetan aurrera egiten jarraitzeko gure konpromisoa erakusten dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutun bateranzko bidea hasiz", gaineratu dute.