Lakuntza: “Confebask herri honentzako zama bat da”
- Zer erantzungo zenuke?
- Bada, Confebaskek beste inork baino hobeto daki erantzuna zein den; haatik, patronalaren ordezkariak benetan beste zerbait lortu nahi zuen, hau da, euskal gutxieneko soldata negoziatzeko duen ardura saihestea. Paradoxa da Confebasken moduko erakunde bat (ezin du enpresen artean duen ustezko ordezkaritza egiaztatu; bere posizioa CEOEren sukurtsala izateari zor dio, eta ia erabat diru publikoz finantziatuta dago) ez da inor Euskal Herriko sindikatu nagusiaren zilegitasuna zalantzan jartzeko.
Gogoratu behar da Confebaskek 2014an Rajoyren gobernuari bidalitako alegazio batzuetan ELA eta LAB legez kanpo kokatzeko atea ireki nahi izan zuen: bi sindikatuok gure eginkizunak gainditzen ari omen ginen AHTari edo fiskalitateari buruzko iritzia ematen genuelako. Beraz, Confebask Europako patronalik autoritarioenetakoa dela esatea ez da gehiegikeria.
- Zein da Eusko Jaurlaritzaren jarrera afera honetan?
Confebaskek, edozein dela ere unean uneko lehendakaria, Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka. Gobernu eta patronalak saldo berean jokatzen dutela argi geratu da, esaterako, Pradalesen hitzekin, Confebaskek ELAri egindako kritikarekin bat etorri baitzen; hain zuzen EAJk Gasteizko Legebiltzarrean gutxieneko soldataren tramiteari atea itxi eta egun gutxira.
Confebask autoritarioa da, eta honek hainbat adierazpide ditu. Esaterako, benetan negoziatzeko aukera behin eta berriz ukatzen du. Azken urteetan ELAk eta LABek akordioak proposatu dituzte enplegu-zentro berezietan, etxeko langileen sektorean, Kimikako hitzarmenean edo lan mundua euskalduntzeko bidean, baina erantzuna beti ezezkoa izan da. Confebaskek ez du sekula deitzen hitzarmen bat berritzeko. Confebask bai bada herri honentzako zama bat.
- Hori ez da Confebaskek esaten duena...
- Patronalak ez du esaten grebara iritsi baino lehenago ELAk beti negoziatu nahi duela, akordio on bat lortzeko, arrazoi nabarmen batengatik: langileek dute hitzarmen on bat lortzeko interesik handiena. Baina patronalak negoziatzeko aukera ixten badu, grebari ekiten zaio. Hori esan nahi du "borroka sindikala da bide bakarra" erabiltzen dugun formulak.
- Beraz, zein da herri honi ELAk egiten dion ekarpena?
- Confebaskek berak ere aitortzen du euskal hitzarmenak Estatuko hoberenak direla, eta horren gakoa da ELAren estrategia. Lan Harremanen Kontseiluaren datu ofizialen arabera, ELA da hitzarmen gehien sinatzen duen sindikatua (urtean 250 bat EAEn), baita onenak ere; greba gehien deitzen duen sindikatua ere bada (sindikatu guztiek deitutako egun guztien % 80). Beraz, lotura zuzena dago grebaren eta lan-baldintzen hobekuntzaren artean.
ELAren bi ezaugarrik gogaitzen dute bereziki Confebask: Batetik, garaipen sindikal ugari ekarri duen konfrontazio estrategiak, eta bestetik euskal langileriak ematen digun babes handia (ordezkaritzaren % 40tik gora Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 104.000 lagun baino gehiago afiliatuta, Nafarroa barne). ELAk posible egiten du milaka langilek negoziazioari eustea, hau patronalak blokeatzen duenean: grebari eta erresistentzia-kutxari esker (zeina 5.653 afiliatuk erabili zuten iaz) hitzarmen hobeak lortzeko aukera irekita jarraitzen du; erresistentzia-kutxa da patronala behartzen duena aberastasunaren banaketa justuagoa egitera.
- Nola gauzatzen da helburu orokor hori?
- ELAren helburua nagusietako bat da prekarizazio estrategia geldiaraztea; batez ere, Confebaskek egiten duena geldiaraztea. ELAk ahal duen guztia egiten du enpresen ereduaren kontra, honek prekaritatea hedatzea baitakar legediak eskaintzen dituen aukera anitzen bidez: azpikontratazioa, estatu mailako hitzarmenak, kontratu kaskarrak, derrigortutako lanaldi partzialak, segurtasunik gabeko lanpostuak, aldi baterako Lan Enpresak (ABLE)...
Garaipen asko, zenbait kasutan hainbat hilabetez greba egin ondoren, eremu prekarizatu horietan izaten dira: sektore feminizatuetan (merkataritza, garbitasuna, jantokiak, zaintza...), non ELAk soldata igoerarik handienak lortu dituen; edota migratzaileek diharduten enpresetan (urtebeteko grebaren buruan epai batek ebatzi du Uber Bizkaiko soldatak urtean 10.000 euro handitu behar direla).
- Horren argi badago, zergatik dator Confebasken galdera hori?
- Horrenbestez, Confebaskek ondo baldin badaki ELAren ekarpena zein den. Begibistakoa da patronalak gutxieneko euskal soldata bat negoziatzeko duen erantzukizunari muzin egin nahi diola. Hiru aldiz ukatu du negoziatzen hasteko proposamena. Uko honek agerian uzten du Confebaskek nahi duen gutxieneko euskal soldata egun indarrean dagoena dela, hain zuzen Estatuan ezarritako 1.184 euroak. Confebaskek "espainiar merkatuaren batasuna"ren alde egin du herri honetako langileak esplotatzen jarraitzeko.
Hori al da Confebaskek euskal gizarteari eskaintzen diona? ELAk eta LABek 2026an 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea proposatu genuen, baina patronalak ez du aintzat hartu ere egin. Jarrera hau autoritarioa eta atzerakoia da, eta ez dago azaltzerik. Confebask, Pradalesen eta Chiviteren gobernuak bezalaxe, oker dabil uste badu kontua bukatu dela. Izan ere, gutxieneko soldata batik bat auzi politiko bat da, eta patronalaren betoak ezin du blokeatu: balizko estatus berri batean ezinbesteko baldintza izan beharko litzateke autogobernuaren aldeko edozein alderdirentzat gutxieneko euskal soldata erabakitzeko ahalmena.
- Eta hori lortzeko, greba orokorra?
- Horixe da. Confebaskek bere ardura aintzat hartu nahi ez badu ere, gutxieneko euskal soldataren aldeko borrokan jarraituko dugu. ELAk ez du amore emango, eta presio politiko zein sindikalaz baliatuko da Confebask izutzen duena lortu arte: aberastasunaren banaketa hobea, desberdintasuna murriztea eta prekaritatearen amaiera.