ELA, CIG eta Intersindical-ek lan-erreforma indargabetzea eta agenda soziala indartzea eskatu diete Kongresuan ordezkaritza duten EHko, Kataluniako eta Galiziako taldeei
Mitxel Lakuntza (ELA), Paulo Carril (CIG) eta Sergi Perelló (Intersindical) idazkari nagusiek bilera telematikoa egin dute gaur goizean Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako indar politikoek Kongresuan duten ordezkariekin, lan-erreformak eta negoziazio kolektiboa bertan behera uzteko eta agenda soziala indartzeko eskaera bateratua helarazteko, pandemiak eta pobretze orokorrak sortutako egoera larriaren aurrean.
Bilera sindikatuek bultzatutako kanpainaren baitan kokatu da; gainera, ELA, CIG eta CSC sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte martxoaren 25erako, Euskal Herria, Galizia eta Katalunian.
Ildo beretik, sindikatuetako ordezkariek ERC, JxCAT, EAJ, EH Bildu, BNG eta CUP alderdietako diputatuei dei egin diete, ahalik eta lasterren, lege-aldaketak egitera behartzeko, behin ERTEei amaiera ematen zaienean, horiek Enplegu Erregulazio Espediente bihur ez daitezen; izan ere, indarrean dagoen lan-erreformak kaleratze kolektiboak errazten ditu, enpresek inolako administrazio-baimenik ez dutelako behar, besteak beste.
Horrekin batera, lan-harremanen, pentsioen eta babes sozialaren eredua nork bere nazioan erabakitzeko eskubidea onartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute, tokian tokiko langileek soldata eta lan-baldintzak hobetzeko.
Ildo horretan, negoziazio kolektiboaren egungo estatalizazio-eredua gaitzetsi dute; izan ere, langileriaren prekarizazio eta pobretze handiagoa eragin du, Estatuko hitzarmenei lehentasuna ematen dielako lurraldekoei baino, eta sektoreko eta enpresako hitzarmenak hondatzen dituelako.
Hori dela eta, negoziazio kolektiboa langileengandik aldentzen duen eredu bati amaiera ematea eskatu dute, baita demokratikoki ordezkatzen dituzten sindikatuen parte-hartzea ere eragozten duena, edozein sektoretako lan-baldintzei buruzko akordioak ixtea galaraziz.
Lakuntzak, Carrilek eta Perellok agenda sozial bat ere eskatu dute, besteak beste, babes sozialerako sistema indartsua, fiskalitate progresiboa eta soldata eta lan-baldintza duinak dituen ekoizpen sare iraunkor bat antolatzeko.
Idazkari nagusiek gogorarazi dutenez, Yolanda Diaz Lan ministroarekin elkarrizketa eskatu zuten duela bi aste, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.