UPNren eta PSNren politika antisozialak 3.000 pertsona baino gehiago oinarrizko errentarik gabe utzi du Nafarroan

2013/11/14
Nafarroako Parlamentuak Gizarteratze Errentaren Legearen aldaketa onartu du gaur. Lege hau Elena Torres (PSN) Nafarroako Gobernuko Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kontseilaria zenean egindakoa da, UPNren eta PSNren arteko koalizio Gobernuaren garaian.

Gaurko aferak gizarte politikak erabakitzerako garaian UPNren eta PSNren arteko kointzidentzia erakusten du; ez dute inongo arazorik izan 3.000 pertsona baino gehiago oinarrizko errentarik gabe utzi eta beste murrizketa batzuk ere adosteko. Beraien erabakiek gero eta pobrezia eta miseria gehiago izatea suposatzen dutela jakin behar dute.

ELAk politika antisozial hauentzat alternatibak daudela gogorarazi nahi du. Eta zentzu honetan Oinarrizko Errentaren aldeko Plataformak eginiko lana eta proposamena babestu nahi ditu Sindikatuak, beste gauzen artean ondorengoak biltzen dituela:

- Oinarrizko errenta jasotzeko garaian inor baztertua ez izatea

- Baldintza bakarra urte batez Nafarroan erroldatua izatea

- Luzapena mugagabea izatea

ELArentzat tamalgarria da okerren dagoen jendeari babes soziala emateko aukera on hau galdu izana, eta Nafarroako gizartea jende guztiak bizi baldintza duin batzuk izatea bermatzen duen babes sozialagatik borrokatzera animatzen du.