Espainiako gobernuak inposatutako igoerak apenas izango du eraginik Euskal Herrian
Espainiako gobernuak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) 65 euroan eta langile publikoen soldata %4,5ean handitzea erabaki du. ELAren iritziz, beste behin ere, Espainiako gobernuak uko egin dio Euskal Herriko lan harremanen esparrua onartzeari eta euskal langileen interesen aurka jardun du.
Espainiako gutxieneko soldatak soilik patronalari egingo dio mesede
Egungo Espainiako Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak ez du apenas eraginik izango Hego Euskal Herriko langileentzat. Zehazki, EHUko Zubiri irakaslearen azterketaren arabera, EAEko gizonezko langileen %2,3k eta emakume langileen %5,9k jasotzen du hilean 1.221 euroko soldata. Ondorioz, gutxieneko soldata 65 euroan igotzeak oso langile gutxiri emango die aukera beren bizi baldintzak hobetzeko.
Gutxieneko soldatek mundu guztian bi helburu dituzte: langileek sortutako aberastasuna banatzea eta langileen oinarrizko bizi baldintzak bermatzea. ELAk gogorarazi du Euskal Herriko eredu sozioekonomikoa Espainiakoarekiko oso bestelakoa dela eta, horregatik, 1.286 euroko gutxieneko soldatak ez duela balio aberastasuna banatzeko eta, are gutxiago, langileen oinarrizko beharrak betetzeko, esaterako Euskal Herriko etxebizitzen garestitzeari erantzuteko.
Gutxieneko soldata txiki horrek Euskal Herrian duen onuradun nagusia patronala da, dio ELAk. Langileek beste lurralde batzuetan baino aberastasun handiagoa sortzen dute gurean eta Espainiako lan araudi homogeneizatzaileak aukera ematen die CONFEBASKi eta CENi beste lurralde batzuetan baino aberastasunaren proportzio handiagoa bereganatzeko. “Gutxieneko soldata Euskal Herrian Espainiako nazio eraikuntzarako tresna besterik ez da, lan araudi bakarraren bidez Estatuaren lurralde batasuna bilatzen ari dira langileen interesen aurka”, kexu da.
Martxoaren 17an, ELAk eta LABek, beste sindikatu eta eragile batzuekin batera, greba orokorra egin zuten gutxieneko soldata euskal langileen beharren arabera hemen erabaki ahal izateko. Era berean, azaroaren 11ko greba orokorrak etxebizitzarako eskubidea eztabaida sozialaren erdigunean kokatu zuen eta sindikatuek aldarrikatu zuten soldatak erabat lotuta daudela etxebizitzarako eskubidearekin. ELAk alderdi politikoei eta instituzioei eskatzen die bi greba orokor hauei erantzuna ematea eta gutxieneko soldata propio baten aldeko aldarrikapenak beren ekimen politikoak ardaztu ditzala, hauteskunde garaian eta ondoren.
Langile publikoen erosahalmen galera kontsolidatuko da
Espainiako gobernuak CCOO eta UGTrekin 2022 eta 2028 urteen arteko soldata igoerak adostu ditu eta akordio horietan oinarrizko legediaren bidez debekatu nahi izan dute Euskal Herrian langile publikoen lan baldintzak eta soldatak eztabaidatu ahal izatea. “Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Foru Aldundiek eta udalek muga hori onartu dute eta uko egin diote lan-baldintzak negoziatzeari. Soilik greben bidez izan da aukera muga horiek gainditzeko”, salatu du ELAk.
“Azaldutako inposizio horren ondorioz, 2027ko langile publikoen soldata igoera %4,5ekoa izatea nahi dute bai Espainiako Gobernuak zein estatuko sindikatuek. Hau da, 2022 eta 2027 urteen artean langile publikoen erosahalmena %7 murriztea adostu dute. Are, aurten ere erosahalmena galtzea ontzat eman dute, egun KPIa %4,9koa baita”.
Barne Produktu Gordinaren hazkundea %7 ingurukoa izango da 2026an, KPItik gora bi puntu. “Instituzioek uko egiten diote patronalek zergak ordaintzeari eta, ondorioz, sortzen den aberastasuna ez da erabiltzen langileen soldatak hobetzeko ezta zerbitzuko publikoak indartzeko ere”, dio ELAk.
Gauzak horrela, ELAk dio ez duela onartuko estatuko marko inposatzailea. Sindikatuak Hego Euskal Herriko langileen lan baldintza guztiak hemen negoziatu ahal izatea borrokatuko du, soldatak barne. ELAren iritziz, ezinbestekoa da: langile publikoen egonkortasuna bermatzea eta behin-behinekotasuna modu erradikalean murriztea; zerbitzu egokia eskaintzeko aukerak izateko lan kargak eta baliabideak egokitzea; langile zein herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea; eta, galdutako erosahalmena berreskuratzeko prozesua adostea. Elementu hauek eragin dituzte grebak sektore publikoan eta, negoziaketei uko egiten jarraituz gero, aldarrikapen hauek eragingo dituzte etorkizunean ere greba deialdi berriak izatea.