Osakidetzak ez du borondaterik lan-baldintzak negoziatzeko
Osasuneko Mahai Sektorialeko gaurko bileran ELAk salatu du Osakidetzak ez duela borondaterik erakutsi bere langileen lan-baldintzak hobetzeko. Lan-baldintzak arautzen dituen akordioak gai garrantzitsuak arautzen ditu, hala nola soldata, ordainsariak eta osagarriak, lanaldia (arrunta zein osagarria), atsedenaldiak edo lizentziak eta baimenak, baina 2009tik ez da berritu.
Lan-baldintzak arautzeko akordio berri bat lortzeko negoziazioek ez dute aurrera egiten: Pradalesek legegintzaldiaren hasieran jarrera berri bat iragarri bazuen ere, Mahai Sektorialean ez da benetako urratsik eman. Izan ere, Osasun Sailak Akordioaren negoziazioa xehatu eta zatitu nahi du, negoziazioa luzatuz eta baldintzatuz. Adibidez, hilebeteak eman ditugu lizentzia eta baimenen inguruan hitzegiten, baina gaia ez da itxi eta airean jarraitzen du.
Hori guztia Osakidetzako behin-behinekotasun tasa %50etik gorakoa denean eta 24.272 langileri eragiten dienean (Osakidetzak errealitatea ezkutatu eta benetako kalkulua manipulatu nahi du beste datu batzuk emanez); metatutako erosteko ahalmenaren galera %20koa denean; eta lan-kargak handitu egiten direnean plantilla eskasiaren ondorioz.
ELAk kolektiboaren lan-baldintzak hobetzeko benetako aurrerapausoak eskatu ditu gaurko bileran, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren mendeko sektoreetan grebak eta mobilizazioak izan diren sektoreetan soilik eman direla hobekuntzak, hala nola Hezkuntzan edo Ertzaintzan. Serktore horietan lortutako akordioek erakusten dute badirela formulak langile publikoen lan-baldintzak hobetzeko eta berritzeko, eta behar den gauza bakarra benetako borondatea dela.
ELAk berretsi du aliantzak lortzeko eta mobilizazioak bultzatzeko lan egingo duela, langileen lan-baldintzak eta, ondorioz, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoaren kalitatea hobetuko dituen Akordio Arautzaile berri bat lortzeko. Ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik lan-baldintza onik gabe.