ELAk eta Galiziako CIG sindikatuak Espainiako Bankuaren gobernadorea eta gobernuetako arduradun politikoak auzitara emarango dituzte
Bi sindikatuen iritziz, banketxe eta aurrezki kutxetako arduradunek onartu ezineko hainbat erabaki hartu dute, eta erantzukizunak eskatzeko ordua iritsi da. “Lotsagarria da gertatzen ari dena. Neurririk gabe xahutu dute dirua. Kontrolik gabe aritu dira, eta orain diru publikoa erabiltzen dute zuloak estaltzeko.
Ezin dugu onartu gertatzen ari dena eta Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadorea eta Espainako gobernuen arduradunak (presidenteak barne) auzitara eramatea erabaki dugu, gertatu dena berriro errepika ez dadin eta erantzukizunak eskatu behar direlako ”, azpimarratu du Muñozek.
Era honetan, gobernuko arduradun politikoak eta Espainiako Bankuko gobernadorea gezurretan aritu direla banketxeei laguntzako, gaineratu dute ELA eta CIG sindikatuetako idazkari nagusiek.
Bi sindikatuetako arduradunak bat etorri dira “egungo harremanak sendotu behar direla egoera honi eta patronalari aurre egiteko ”, adierazterakoan. Seixoren hitzetan “egoera oso larria da eta honen aurrean mobilizazioak areagotu beste irtenbiderik ez daukagu. Bi sindikatuok horretaz jabetuta gaude eta etorkizunean bide horretatik jarraitzeko konpromisoa hartu dugu ”
Bestalde, Espainiako eta Hego Euskal Herriko eta Galiziako gobernuek hartu dituzten neurriak salatu dituzte. Muñozek iritziz, “Epaitegietara joko dutela esaten ari dira, jakinaren gainean Madrilek agindutako murrizketak otzan-otzan beteko dituztela. Bazterrak nahasten ari dira gizartearen aurrean euren buruak zuritzeko ”.
ELAko idazkari nagusiaren iritziz, murrizketekin ados ez daudenak ezin dute epaitegietako ekintzetan geratu, eta hauen aurkako jarrera politiko sinesgarria agertu behar dutela berretsi du. “Ez dugu hori inondik-inora ikusten. Antzerki huts baten aurrean gaude ”.