CCOOek eta UGTk iruzurra egin dute euren burua zuritzeko Nafarroako Desgaitasun Hitzarmena sinatzerakoan
Duela aste gutxi UGTk eta CCOOek aurreakordioa itxi zuten hitzarmen honetan, beti ere langileen gehiengoak babesa emateko baldintzarekin. Hori dela eta sektoreko zentro guztietan bozketa egin da eta, azpiko taulan ikusi daitekeen modura, langileek UGTk eta CCOOek proposatutako akordioa baztertu egin dute (azken emaitza aldeko 263 bozka eta kontrako 277 izan da).
Gauzak horrela, UGTk eta CCOOek Aspace Ramoy y Cajal, ANFASeko tutoretzapeko etxeko eta SAR Iturrama tutoretzapeko etxeko langileen bozkak ez onartzea erabaki dute, hain zuzen, ez UGTk eta ez CCOOek inongo ordezkaritzarik ez duten zentroetako bozkak. Manipulazioa, gezurra eta iruzurra erabili dute langile horien bozkak kontuan ez hartzeko. Beti ere, enpresen onespenarekin eta Administrazioaren ixiltasun konplizearekin.
Anfaseko langileek Nafarroako Lan Epaitegiaren aurrean konzentrazioa egin dute gaur bertan UGT eta CCOOi euren bozka kontuan hartzeko exijituz.
Onartezina eta demokraziaren aurkakoa da UGTk eta CCOOek bozketa honetako emaitza ez onartzea. Bistakoa da ez zutela emaitza hau espero ezta nahi ere. Euren helburua emaitza manipulatzea da, guztiz prekarioa den eta langileen gehiengoak nahi ez duen hitzarmena sinatzeko.
