Kendutako lan-baldintzak lehengoratzeko eskatu dute administrazio publikoko langileek

2016/02/04
Kendutako lan-baldintzak lehengoratzeko eskatu dute administrazio publikoko langileek
Administrazio Orokorreko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarraren aurrean, kendutako lan-baldintzak lehengoratzeko, ordezkari sindikalekin izenpeturiko akordioak betearazteko, eta lan-baldintzak benetan negoziatzen hasteko. ELA, LAB eta UGT sindikatuek 3.200 sinadura baino gehiago jaso dituzte aldarrikapen hauen alde.

ELA, LAB eta UGT sindikatuen Agiria

EUSKO LEGEBILTZARREKO MAHAIARI

EUSKO LEGEBILTZARREKO

EAJ-PNV, EH-BILDU, PSE, PP, UPyD

TALDE POLITIKOEI

Euskal administrazio publikoetako langileek, orokorrean, eta Administrazio Orokorreko langileek, zehazkiago, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini nahi dizkiete herritarrei. Horretarako, funtsezkoa da oraingo murrizketa-politikak geldiaraztea eta lehengoratzea.

Euskadiko Administrazio Orokorreko ELA, LAB eta UGTko atal sindikalok uste dugu Eusko Jaurlaritza eredugarria izan beharko zela alde horretatik, eta apustu sendoa egin beharko zuela gure gizarteko herritarren eskubide unibertsalak bermatzeko moduko zerbitzu publikoak ezartzearen alde.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak, horrelako erabakiak hartzea dagokion esparruetan —Administrazio Orokorrean adibide—, murrizketak egiteko erabakia hartu du, zerbitzu publikoak eta gizarte-babesa lorrintzearen ondorioa ekarri duena, eta negoziazio kolektiboa hautsi du, langileen ordezkariekin sinaturiko akordio eta hitzarmenak sistematikoki bete gabe utziz. Areago, Madrildik ezarritako murrizketa guztiak ezartzea nahikoa izango ez balitz bezala, behin “ezinbesteko eginbehar” hori altxatu eta gero, mantendu egin ditu murrizketak.

Izan ere, Administrazio Orokorrean enplegu publikoa suntsitzen eta prekarizatzen ari da. Esan dezakegu, eta esaten dugu Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politika euskal erakundeen politikarik zorrotzena dela, Madrilgo gobernua bera ere “eskuzabalagoa” agertu da azkenaldi honetan.

Hori horrela izanik, Administrazio Orokorreko langileok protesta-ekintzak egiten ari gara, kendutako lan-baldintzak lehengoratzeko, ordezkari sindikalekin izenpeturiko akordioak betearazteko, eta gure lan-baldintzak benetan negoziatzen hasteko.

Protesta-ekintza horien ildotik Administrazio Orokorreko ELA, LAB eta UGTko atal sindikalek sinadurak biltzeari ekin diote, eta 3.200 sinadura baino gehiago jaso dira hiru sindikatuek osaturiko plataformaren alde.

2015eko urrian Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onetsi zuen, Eusko Jaurlaritza 2012ko ekitaldiko aparteko ordainsaria itzultzera premiatzeko, eta baita galdutako lan-baldintzak eta enplegua berreskuratzera premiatzeko ere.

Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarraren eskakizuna bete ez duenez, ELA, LAB eta UGT sindikatuok ESKATZEN DIEGU:

1.- Eusko Jaurlaritzari: murrizturiko lan-baldintzak itzultzeko, eta behin akordio sinatuak bete ondoren, negoziazioaren benetako prozesu bati ekiteko.

2.- Legebiltzarreko talde politikoei: Eusko Jaurlaritza berriro premiatzeko murrizturiko lan-baldintzak itzultzera, sinaturiko akordioak betetzera, eta negoziazioaren benetako prozesu bat hastera.

Halaber, idazki honekin batera plataforma adostuaren aldeko 3.200 sinadurak ere aurkezten ditugu.