ELAk uste du Barcinaren ustezko lan banaketaren aldeko neurria “prekarietatea eta pobreziaren banaketa” baino ez dela

2013/05/09
ELAk salatzen du Nafarroako Gobernuak 1.600 lanpostu suntsitu dituela urtebete eta erdian; edozein neurriak kopuru hori berreskuratze aldera jo beharko luke.

Dirudienez, Nafarroako Gobernuak kontratu berri guztiak lanaldi murriztuen kontratuak bihurtu nahi ditu, dagokien soldataren murrizketarekin, ustezko lan banaketaren aldeko neurria izango balitz bezala. Aldiz, ELAk salatzen du hori prekarietatea eta pobrezia zabaltzeko bidea baino ez dela, langabeziaren datuak mozorrotzeko asmoarekin. Barcinaren Gobernuak enplegu publikoa murrizten segitu nahi du, eta gero eta txikiago den tarta hori nola banatzeaz besterik ez da arduratzen. Hori ez da, inola ere ez, enplegua sortzeko lan banaketaren aldeko jarrera, betidanik ELAk defenditu duena.

Neurri kaltegarri honekin, Nafarroako Gobernuak bere azken urteetako ibilbidetik segitzen du. Datu ofizialen arabera, Barcinaren Gobernuak 1.600 lanpostu suntsitu ditu urte eta erdiko epean (25.025 kontratatuak zeuden 2011an eta aurtengo apirilean badaude 23.440), 2010tik hona %12ko murrizketa inposatu du soldatetan, eta ez du KPIa gaurkotu. Gainera, Foru Administrazioak ez du oporrik ezta bajarik ordezkatzen, kontratazio berriei bidea ukatuz. Hori gutxi balitz, formaziorako baimenak ukatzen ditu eta ez du jubilaziorik ordezkatzen (2012an 500 bat izan ziren), Rajoyren murrizketa baino askoz harago joanez (Madrilek jarri du %10ko ordezkatzeko tasa; Barcinak ez du inor kontratatzen). Irakaskuntzan, ikasleen ratio berriak eta klaseko orduak luzatzeak 800 bat lanposturen suntsiketa ekarri dute. Neurri hau zuzendu ahal lukete, langabeziaren aurka borrokatzeko borondate politikoa baldin balute.

Azkenik, lanaldiaren borondatezko murrizketa onargarria izateko, hortik sortutako orduak kontratazio berriak betetzeko izanen liratekeen bermea egon beharko luke. Bestela, enplegua suntsitzeko beste bide bat irekiko genuke.