Iaz 78 pertsona hil ziren lan istripuetan Hego Euskal Herrian
2012/04/19
Oraingo krisiaren eraginez lan-jarduerak izugarri behera egin arren, ELAk zenbatu dituen heriozko lan-istripuen kopurua %2,56 jaitsi da soil-soilik: 2010ean 80 hildako zenbatu baziren, 2011n 78. Gipuzkoan hildakoen kopurua igo da, 23tik 30era; Bizkaian ere 2 hildako gehiago izan da; Araban eta Nafarroan, ordea, zertxobait jaitsi da kopurua.
Datuok gaur ELAk lan istripuen inguruan egin duen txostena aurkezterakoan nabarmendu dituzte Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta lan-osasun arloko Leire Txakartegik eta Leire Herediak.
Bestalde, datorren apirilaren 28rako, “Osasun eta lan segurtasunerako nazioarteko eguna” dela-ta, antolatutako ekitaldien berri eman dute. Larunbata izanik, ELAren ekitaldiak 26 eta 27ra aurreratuko dira, Iruñea eta Gasteizen, hurrenez-hurren.
ELAko ordezkariak bat etorri dira lan erreformaren ondorioz lan istripuak gehitzeko arriskuak handiagoak direla aipatzerakoan. Era honetan, arrisku psikozialak aparteko garrantzia izango dute egun horretako aldarrikapenen artean.
Lan istripuen %34 inguru arrisku psikosozialekin lotuta dago.