Bankuei diru publikoa ematea eta jendeari kentzea bidegabea eta inmorala da

2012/06/11
Bankuei diru publikoa ematea eta jendeari kentzea bidegabea eta inmorala da
ELAren iritiz, hau ez da erreskate bat, amildegirako bultzakada baizik. Adolfo Muñozek azpimarratu du gobernu espaniarra gezurretan ari da berriro ere eta helburua bankuei dirutza publikoa ematea da, eskubide laboral eta sozialak murrizten diren bitartean. Horrez gain, ez dela kreditorik izango, azpimarratu du.

Adolfo Muñoz "Txiki", ELAko idazkari nagusia eta Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak asteburu honetan hitzartu den erreskatearen inguruko balorazio egin dute Donostian.

2012ko ekainaren 9an eurotaldearen bilera bat izan zen bideokonferentzia bidez; hor Espainiako gobernuak aurreratu zuen “epe laburrera” (besterik zehaztu gabe) diru kopuru handi bat eskatuko zuela maileguan. Beraz, eskaria eta baldintzak ez dira jakinak.

Eurotaldearen komunikatuak dioenez, mailegua 100.000 milioi eurokoa izango da, hots, espainiar estatuko administrazio guztiek 2011n izan zuten defizita baino gehiago, BPGaren %10.

Mailegua gobernuari ematen diote, ez bankuei. Dirua Bankuen berregituratze ordenaturako Funtsak (FROB) jasoko du; funts hau Espainiako gobernuaren esku dago. FROBek, Gobernuak alegia, jasoko du dirua, eta gobernuak berak itzuli beharko du, interes bat ordainduta.

Mailegua gobernuak itzuli behar du, ez bankuek. Eurotaldearen komunikatua argia da: “Espainiako gobernuak finantza-laguntzaren erantzukizun betea izango du eta Elkar aditzeko Memoranduma sinatuko du”. Memorandum honetan jasoko dira gobernuak aintzat hartu beharko dituen baldintza eta konpromisoak.

Gobernuak dirutza hori bankuei emango die. Ez die mailegu gisa helaraziko, eman egingo baitie, Bankiaren kasuan iragarri den legez. Begibistakoa da gobernuak ez duela dirurik irabaziko; galdu egingo du, asko gainera. Baina ez dakigu zenbat. Bankiari gobernuak 23.500 milioi euro emango dizkio, bankuaren kapitala eskuratzeko. Operazio honen helburua bankua saneatzea da eta berriro pribatizatzea; zentzuzkoa da uste izatea pribatizazio hori, bankua irauteko gauza bada, oso merke aterako dela. Eta gauza bera gertatuko da kasu guztietan.

Bankuen eskuetara pasako den errenta kopuruak langabezia eta murrizketa sozial gehiago ekarriko ditu. ELAk ez ditu onartzen engainurako erabiltzen diren izenak, hala nola “erreskatea” edota “baldintza oso egokiak dituen finantziazio europarra”:

  • Grezia, Irlanda eta Portugalekin egin dituzten operazioak ez dira erreskateak izan, amildegirako bultzakadak baizik. Hain zuzen hori ari da orain espainiar estatuarekin gertatzen. Lau kasuetan gauza bera gertatzen da: gobernuari emandako maileguak ez dira herritarrentzat, enpresa pribatuentzat baizik. Betiere diruaren zati handi bat zuzenean bankuei ematen zaie, orain espainiar estatuan gertatzen den bezalaxe.
  • Finantzaketak ez du baldintza errazik izango. Filtrazioen arabera, interes-tipoa %3 eta 3,5 bitartekoa izango da, hots, Europako Banku Zentralak EBko finantza-erakundeei eman dien dirua baino garestiago (hau %1an zegoen).
  • Ajuste- eta murrizte-politikak areagotu egingo dira, eta horrekin batera langabezia eta gizarte-babesaren desagerpena. Operazio honek defizita eta zor publikoa handitzea eragingo du. Gobernuek defizita eta zor publikoa gutxitzeko erabakitzen dituzten politikak ikusirik, baliabideak bankuen esku jartzeak beste gai batzutarako aurrekontua murriztuko du: osasungintza, hekuntza, gizarte-prestazioak, etab. Bankuei dirua eman eta jendeak behar duenetik kenduko da.

 

Ez da egia aurrekontu-politikari eta gizarte-murrizketei dagokienez baldintzarik ezarriko ez denik:

  • Gobernuak, batetik, kreditua bere interesekin itzuli beharko du, eta bestetik, mailegua sinatzen denean politika publikoei buruzko baldintzak ezarriko dizkiote. Gaur ez dakigu oraindik baldintza horiek zein diren. Gobernuak dio bankuentzat baino ez direla izango, baina hau sinestuko duen inor ez dago. Izan ere, Alemaniako finantza-ministroak esan baitu: bankuentzako exijentziak baldintzen zati bat besterik ez dira. Gobernua prozesu honetan gezurrari gezur jardun da, eta hala jarraitzen du (adibidez, Rajoyk duela hilabete eskas esan zuen diru publikotik bankuentzat ez zela euro bat ere emango; duela hamar egun ukatu egin zuen Europar Batasunari dirua eskatzekoa zenik).
  • Eurotaldearen komunikatuak dio “arlo hauetako aurrerapidea zorrotz eta aldian-aldian behatuko da, finantza-laguntza eman ahala.” Zein arlotaz ari da? Aurrekontu-politika, desoreka makroekonomikoak zuzentzea edota egiturazko erreformak. Beraz, eurotaldeak gobernuari dirua emateko erabakia eskubide laboral eta sozialak murriztearekin lotzen du. Hori gertatu da orain arte Grezian, Portugalen eta Irlandan.
  • Politika hauek baldintzatuta daudela nabarmena da: Europar Kontseiluak maiatzaren 30ean Espainiako gobernuari egin zizkion gomendioetan besteak beste hauek aipatzen ditu: defizit publikoa are gehiago murriztea, gizarte-kotizazioak jaistea, BEZa eta beste zeharkako zerga batzuk gehitzea, erretiro adina 67 urtera arte atzeratzeko erabakia lehenago aplikatzea, eta pentsioekiko murrizketa gehiago ezartzea. Zalantzarik gabe, etorkizuneko akordioak honelako gomendioak gauzatzeko “betebeharra” jasoko du.
  • Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) egitekoa gainbegiratzea izango da; honek argi uzten du politikek herritarrentzat ondorio latzak izango dituztela. Eurotaldearen komunikatuak dioenez, “NDF gonbidatzen dugu aldian-aldiko txostenen bidez finantza-laguntzaren aplikazioa babestera eta gainbegiratzera”. Beraz, NDFak kontroleko egiteko bat izango du, eta hori politikak baldintzatuta daudelako.

Ez da kreditu gehiago emango; aitzitik, finantza-erakundeen zulo izugarriak estaltzeko erabiliko da. Finantza-sektorearen inguruan orain arte erabaki diren erreforma guztiekin kreditua enpresa eta familiei iristeko aukera erraztu nahi omen zen. Baina ez da halakorik gertatu, ezta orain gertatuko ere. Finantza-erakundeek berebiziko zuloak dituzte, eta zulo hauen benetako neurria ezezaguna da; gobernuak sartzen duen dirua zuloak estaltzeko izango da. Gogora dezagun joan den abendu eta otsaila bitartean Europako Banku Zentralak 200.000 milioitik gorako maileguak eman dizkiela espainiar bankuei, hiru urterako epearekin, baina horregatik kreditua ez da gehitu.

Politika hauek aplikatu eta gizartea desinformatzeko akordio politiko bat dago. Informazio mordoa ematen digute, baina benetan erabaki denari buruz oso datu gutxi. Hizkuntza manipulatu egiten da. Gobernuan edozein indar dagoela ere, ezarritako politikak antzeko norabidean joan dira. Zalantza bat pizten da, ea beste estatu-itunen bat itxiko ote duten herritar gehienen kalterako harrapaketa hau babesteko.

Horrenbestez, hauek dira ondorioak:

  • Larunbatean iragarri zena gobernuaren estrategiako beste urrats bat da: bere helburua bankuei dirutza publikoa ematea da, eskubide laboral eta sozialak murrizten diren bitartean. Estrategia honen oinarriak gezurra eta botere ekonomiko, finantzario eta politikoaren arteko adostasuna dira.
  • Zalantzarik ez badute bankuak ordaintzeko gai izango direla, edota espainiar estatuko bankuetan inbertitzea errentagarria dela, inberti beza kapital pribatuak. Ez dugu nahi gure bermearekin erreskatatzerik; abalatuz gero, guztiok izango gara biktimak. Ez gara fio. Egin dutenari aurre egitea nahi dugu, gainerako herritarrok aurre egin behar izaten dugun bezala.
  • Operazioa amildegirako bultzakada bat da, ez erreskate bat. Herritar gehienentzako txirotzea ekarriko du, langabezia eta gizarte-babesaren galera izango baitira nagusi.
  • Bankuei dirua ematea, jendeari kentzen dioten artean, bidegabea eta immorala da. Gaizki kudeatutako bankuei utzi egin behar zaie erortzen: ezin dira arduragabeak eta oportunistak saritu. Erortzen uzteak eragingo lukeen kostua onbideratzea baino merkeagoa izango da. Ez da bidezkoa egunero banku gutiziatsuek biktimak egitea (etxebizitza galtzen duen jendea, hura ordaintzeko erdibidean denean; arrazoizko proiektuetarako krediturik lortzen ez duten enpresa errealak), eta aldi berean oinarri ustelak dituzten erraldoi aseezin horiei dirua ematea.
  • Politikak aldarazteko bide bakarra ukapen soziala eta mobilizazioa ditugu.