BIOBIZKAIA, BIOGIPUZKOA ETA BIOARABA

Bioinstitutuetako baldintzak Osakidetzarekin parekatzeko akordioa blokeatu du Jaurlaritzak

Bioinstitutuetako baldintzak Osakidetzarekin parekatzeko akordioa blokeatu du Jaurlaritzak
Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoako langileek mobilizazio berriak iragarri dituzte, eta bide judizialari eutsiko diote Zientziaren Legea eta zuzendaritzarekin lortutako akordioa bete daitezen eskatzeko.

Eusko Jaurlaritzak Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa bioinstitutuetako zuzendaritzen eta langileen artean lortutako akordioa bertan behera utzi du. Akordio horren helburua Zientziaren Legea aplikatzea eta langileen lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea zen. Erabakiak haserrea eta ezinegona eragin ditu langileen artean, eta elkarretaratzea egin dute, bai akordioa bai Estatuko araudia errespetatu daitezela eskatzeko. Egoera honen aurrean, ELAk iragarri du demanda judizialei eutsiko diela eta mobilizazioak berriro abiatuko dituela.

Akordioa langileek gatazka epaitegietara eraman ondoren lortu zen, negoziazio bidea agortutzat jota. Lehen epaiketan, Biobizkaiko kudeaketa arloko langileei zegokiena, zuzendaritzak proposamen bat aurkeztu zuen, langileen batzarrak onartu zuena. Horri esker, prozedura judiziala eten egin zen, Eusko Jaurlaritzaren onarpenaren zain. Hala ere, orain Jaurlaritzak atzera bota du konpromiso hori.

Osakidetzan integratutako hiru bioinstitutuek 600 langile inguru dituzte, minbizia, Alzheimerra edo esklerosia bezalako gaixotasunen ikerketan dihardutenak. Osasun sistema publikoaren zerbitzura lan egiten duten arren, ez dituzte Osakidetzako langileen lan baldintza berak.

2022an onartutako Zientziaren Legearen arabera, osasun arloko ikertzaileek ezin dituzte osasun sistema publikoko kategoria baliokideetako langileek baino soldata eta lan baldintza okerragoak izan. Legea aplikatzeak ordainsarien parekatzea ekarriko luke, batez beste %30 inguruko soldata igoerarekin. ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bere erabakia zuzendu dezala eta Bioinstitutuetako zuzendaritzarekin adostutako akordioa gauzatu dezala.