Aurre-akordioa Gipuzkoako metalean
Lortutako akordioak gaur egungo Gipuzkoako Metaleko Hitzarmenaren eduki guztien errespetua jasotzen du, inolako atzerapenik gabe, eta 2010 eta 2011. urteetarako tauletan jasotzen duen soldata igoera KPI + 0,5ekoa izango da. Soldata igoera erreala KPI-arena izango da. Aurre-akordioak ere, Epaitegi Gorenaren doktrinari jarraikiz, honakoa jasotzen du: langileek euren oporrez gozatzeko duten eskubidea, aldi baterako ezgaitasun baten ondorioz oporrez gozatzeko aukera izan ez dutenean.
ELA-Metalak nabarmentzen duenez, langileen eskubideen aurkako eraso larrien testuinguru honetan (lan-erreforma eta kaleratzearen merkatzea, negoziazio kolektiboaren erreforma/murrizketa eta pentsio sistemaren erreforma/murrizketa) metaleko langileok urte askotan Gipuzkoako langile-borrokaren ondorioz lortutako eskubide sozialak defendatu ditugu (gainera CCOO eta UGT sindikatuek mantendu duten eskirol jarrera aktiboa ere hor izanik). Era berean, Adegiri argi utzi diogu ez gaudela prest onartzeko hurrengo belaunaldiek metaleko sektore guztiz desarautu eta prekario bat aurkitzea. Zentzu honetan, ELAren Metaleko Federazioak Gipuzkoan sektore honetako milaka eta milaka langilek egindako ahalegina eskertu nahi du, hitzarmenaren defentsan jarrera aktiboa izan dutelako, deitutako grebak eta mobilizazioak oso era zabalean jarraituz.
Azkenik, ELA eta LAB sindikatuek ohartarazi nahi dute urriaren 28an, osteguna, prentsa agerraldia egingo dutela. Bertan lortutako aurre-akordio honen berri emango da, eta lortutako aurre-akordioa zein aurtengo Gipuzkoako Metaleko Hitzarmeneko negoziazioetan gertatu denaren inguruko informazio guztia emango da.