ELAk eskatu dio Nafarroako Gobernuari Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentziak baliabideak jartzeko

2016/06/28
ELAk adierazi du ordezpen-kontratu anitz egitura-plazak betetzeko direla, eta plaza horiek oposizio bidez eskainiz gero, enplegua finkatuko litzatekeela Nafarroako Gobernuaren sektorerik prekarioenean eta emakumezkoenean.

ELAk behar diren baliabideak —ekonomikoak nahiz teknikoak— eskatu dizkio Gobernuari AGNArentzat. Alde batetik, ordezkapenak ez dira betetzen zenbait zentrotan; eta gainera, ordezkapen-kontratu anitz egitura-postu hutsak betetzeko dira. Bestetik, kontratazio-zerrendak argitaratu orduko, iraungita daude. Zerrenda horiek gardenak izateko, egun AGNAn ez dauden baliabide teknikoak behar dira; eta ELAk behin eta berriz eskatu du zerrenda horien kudeaketa modu eguneratuan eta gardenean egiteko.

Sektore Mahaian, orobat, ELAk azpimarratu du AGNAn ez dagoela enplegu-hobekuntzarik, eta pertsona anitzek kontratu prekarioak dituzte, plaza hobeetara iritsi ezinik. Zerbitzu horietako erabiltzaileak artatzea oinarrizkoa eta funtsezkoa da zuzenbide-estatu batean, baina oraingo egoeran lanpostu prekarioak daude, eta ematen den arreta ez da behar bezalakoa, baliabiderik ezagatik.

ELAk mahai gainean jarri duen beste gai honek AGNAko enplegatuen egoera larriagotzen du: langileen prestakuntza falta. Langileek erabiltzaileen profil berriak artatu behar dituzte egunero; hori dela-eta, AGNAn egokitzapenak egin behar dira hainbat arlotan: pertsonalean, instalazioetan, arauetan, prestakuntza-ikastaroetan, jarduteko protokoloetan… Bestalde, ez dago baimenik euskara-ikastaroetara joateko, eta ez dago aurrekonturik ordezkapenak egiteko. Azken hori, gainera, konparaziozko laidoa da Administrazioko gainerako langileekiko, eta Akordio Programatikoaren ez-betetzea.

Horregatik guztiagatik, ELAk galdatzen dio Gobernuari behar diren baliabideak jartzeko, eta horrela kontratazio-zerrendetan kudeaketa gardena egin ahal izatea, bitarteko langileen tasa altua jaitsiko duen EPE baten deialdia egin ahal izatea, sektorean enplegu-hobekuntzaren aukera izatea, eta erabiltzaileen profil berria artatzeko prestakuntza egokia jaso ahal izatea.