PALESTINAREKIN ELKARTASUNA

ELAk parte hartu du BDZko jardunaldietan Bartzelonan

2026/11/23
ELAk parte hartu du BDZko jardunaldietan Bartzelonan
BDZ (Boikot, Desinbertsio, Zigorrak) mugimenduak 20 urte bete ditu eta bere borrokak, estrategiak eta lorpenak partekatu nahi izan ditu beste eragile sozial batzuekin. Hitzaldiz eta konferentzia ezberdinez osatutako agenda antolatu du BDZk 3 egunetan zehar Bartzelonado unibertsitatean.

Lehen egunean, konferentzietako batean #blocktheboat kanpainari buruz hitz egin zen. Israelek burutzen duen genozidioa hein batean merkataritza maritimoan oinarritzen da eta inportazioen bitartez lortzen dituzte armak. Nazioartean portuetako milaka langilek desobedientzia zibila egin dute merkantzia Israelentzat bidaltzea ukatuz.

Egun berdinean, Francesca Albanesse eta Naura Arakatek beste konferentzia batean parte hartu zuten nazioarteko zuzenbidearen potentziala eta mugei buruz hitz egiteko. Albanesse Nazio Batuen Palestinaren errelatore berezia da eta figura garrantzitsua bilakatu da Palestinan eta, Gazan bereziki, egin duen eskubide urraketen azterketa sakonagatik. Naura Arakat abokatu eta aktibista Estatu Batuarra eta Palestinarra da.

Bigarren egunean, nazioarteko sindikatuen estrategien inguruan hitz egin zen. Bertan Euskal Herriko CAF enpresaren aurkako kanpainari buruz azalpena eman zen. Okupazioarekiko euskal enpresen konplizadadearekin amaitzeko langileek duten paper garrantzitsua azpimarratu zen.

Azken 20 urteetan zehar, BDZ mugimenduak milaka pertsonen babesa eta mobilizazioa lortu du. Mundu mailan kanpaina ezberdinak koordinatzen ditu eta Palestinan ematen diren oinarrizko eskubideen urraketak bisibilizatzea lortu du.

ELAk Euskal Herriko BDZ mugimenduarekin harremanak eduki ditu hainbat enpresek okupazioarekin daukaten konplizidadea salatzeko, hala nola, CAF, Sidenor edo Tubos Reunidos. Gerra hemen hasten da eta Euskal Herriko langileek ez dute gerraren alde lan egin nahi.