DHL-EXEL —MERCEDES BENZeko operadore logistikoa— enpresako plantillak sinatu duen hitzarmen kolektiboa blindaturik dago lan-erreformatik
Batzordeak, ELAren gidaritzapean, negoziazioaren hastapenetan zituen helburu guztiak lortu ditu. Orain arte lan-baldintzak enpresa-itun batean egon dira jasota, oraingo akordioaz geroztik hitzarmen kolektibo estatutario batean jasoko dira. Hitzarmen hori blindaturik egongo da erreformaren aurka, legeak uzten dizkigun klausulen bidez.
Lan-erreformaren gainetik igarotzerik ez dagoela dioten hesi mediatiko guztiak gainditu egin ditugu. Bestelako aukerak badaude, eta DHL-EXEL Supply Chain-en lortu egin dugu. Lan-erreformatik blindaturik dagoen hitzarmena.
Akordioaren arabera soldata-igoera handiak egingo dira datozen 3 urteetan, eta legean ezarritako aurrera-eragina oso nabarmen hobetu da (36 hilabetekoa izango da). Halaber, hitzarmena ezin izango da salbuetsi alde bakarretik, eta alderdien artean desadostasunik balego ez dago zertan nahitaezko arbitrajera jo behar.
ELAk lan-baldintzak blindatzea lortu du MERCEDES-BENZen hornitzaile nagusian. Horrek baikor sentiarazten gaitu, multinazional alemanaren hornitzaile-parkeko gainerako enpresetan egin beharreko negoziazioei buruz.
Akordio horrek argiro erakusten digu aukerak egon badaudela, eta SEAren eraginpean ez dauden esparruetan enpresak antolatuz eta sindikalizatuz hobetu daitezke gure jendearen lan-baldintzak.