Beskoitzeko auzolana

Alda, Bizi eta ELAko kideak auzolanean Beskoitzeko Leku Eder etxea eraberritzeko

2026/05/27
Alda, Bizi eta ELAko kideak auzolanean Beskoitzeko Leku Eder etxea eraberritzeko
Robles-Arangiz familiak Alda, Bizi! eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak sortutako Eraiki Funtsari emandako Leku Eder etxea formakuntza eta bilkura zentro iraunkor bilakatzeko eraberritze lanak martxan dira.

Maiatza eta ekainean antolatu diren auzolanetan Aldako, Biziko eta ELAko kideak elkarrekin eraberritzen ari dira Manu Robles-Arangiz, ELAko presidente historikoaren, Beskoitzeko etxea. Etxea, eraberritze lanen ondotik, Ipar Euskal Herriko bilkura eta formakuntza zentro iraunkor bilakatuko da. Asmoa da etxea Ipar Euskal Herriko Ez-biolentziaren Institutu bihurtzea, formakuntzarako, militante eta elkarte mailako transmisiorako, gogoetarako eta ikerketarako gune bilakatuz. Azaroan abiatu zen auzolana, eta orain arte Iparraldeko 100 pertsona inguru pasa dira auzolanetatik. Aurreko ostiralean, hurrengoan eta ekainaren 12an ELAko 30 militantetik gora batuko dira Beskoitzeko etxearen eraberritze lanetara.

Logela, sukalde eta komun kolektiboekin, bai eta bulego eta bilkura gelekin hornitua den zentro honek eguneko lan-saioentzat edo epe luzeagoko saioentzat taldeak errezebitzen ahalko ditu eta gune logistiko gisa (materiala sortzeko, biltegiratzeko, artxibatzeko) erabilia izanen da.

Leku Eder etxea ELA sindikatuaren sortzaileetakoa izan zen Manu Robles-Arangizen familiaren etxea izan da, estatu kolpe frankistaren ondorioz erbesteratu eta Iparraldean kokatu zenetik. Historiaz betetako etxea da, harrera eta erresistentzia lekua izan baitzen Bigarren Mundu Gerran, ondotik pertsonalitate franko ibiltzen ziren ostatu famatua, eta euskal mundu artistiko eta kulturaleko hainbat pertsona biziki ospetsu fama biltzen ikusi baititu.

Beren etxea, egun batez merkatu espekulatiboan erortzeko arriskua gauzatzea errefusatuz, eta interes orokorraren eta Euskal Herri libreago eta solidarioago baten eraikuntzaren zerbitzurako izatea desiratuz, Manu Robles-Arangizen oinordekoek Manu Robles-Arangiz Fundazioari eman nahi izan diote etxea, eta hori gauzatzeko, Fundazioak Alda eta Bizirekin batera sortu duen Eraiki funtsari egin zaio dohaintza.