conasa - Nafarroako Gobernuko informatikaren mantenimentua

Hardware ataleko langileek greba hasi dute beste atal batzuetan dituzten baldintzekin parekatzeko

2026/09/21
Hardware ataleko langileek greba hasi dute beste atal batzuetan dituzten baldintzekin parekatzeko
Computadores Navarra (Conasa) enpresako hardware arloko langileek 15 eguneko greba hasi dute gaur, metalaren merkataritzako hitzarmena aplika dakien eskatzeko. 2022an egindako greba eta borroka judizialari esker hitzarmen hori enpresako beste atal batzuetako langileei aplikatzen zaie dagoeneko.

Conasa Nafarroako Administrazio Publikoaren eta ikastetxe publikoen informatika parkea mantentzeaz arduratzen da, baita sektore pribatuko beste hainbat enpresarena ere. Guztira, 275 langile inguru ditu, eta langileen ordezkaritza 8 ELAko ordezkarik, CCOOko 3k eta UGTko 2k osatzen dute. Greba hasi duen langile taldea hardware atala da, eta bertan 26 langile finko daude.

Atal horretako langileek metalaren merkataritzako hitzarmena aplika dakien eskatzen dute, enpresako beste langileek dagoeneko dituzten lan baldintzekin parekatzeko. «Funtzio berberak betetzen ditugunon artean desberdintasunak ezartzen ari dira, enpresara noiz sartu ginen kontuan hartuta soilik», adierazi dute langileek.

Gogoratu behar da 2022an Conasak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, lan baldintzak okertzen zituen estatuko hitzarmen bat aplikatu nahi izan zuela. Orduan, eragindako langileek grebara jo zuten, eta lan baldintzen okertzea ahalbidetzen zuen plegua inpugnatu zuten. Greba horren eta ELAk irabazitako epaiketaren ondoren, langileek beren aldarrikapen guztiak lortu zituzten, epaiak plegua baliogabetu baitzuen.

Langileek elkarrizketak izan dituzte enpresarekin. Enpresak erantzunak eman ditu, baina betiere ezezkoak izan dira edo langile horiek benetako berdintasunerantz aurrera egitea eragozten duten proposamenetara mugatu dira. Gainera, alternatiba ez-errealistak eskaini ditu, egungo baldintzak etorkizunera begira hobetzetik urrun, pixkanaka erosahalmena galtzen jarraitzea proposatzen dutenak. Horregatik guztiagatik, langileek 15 eguneko greba hasi dute irailaren 21etik aurrera.