ELAk ontzat ematen du bankuek Nafarroan hipoteken zerga ordaintzea baina gutxiegi deritzo %0,5ari

2018/11/23
ELAk ontzat ematen du bankuek Nafarroan hipoteken zerga ordaintzea baina gutxiegi deritzo %0,5ari
ELAk kargu hartu die UPN, EH Bildu eta PPri zerga kentzea eskatzeagatik, diru-sarrera fiskalak urriak direlako murrizketak amaitu ez direlarik. Nafarroak duen fiskaltasuna bankuek Estatu espainarra baino zerga gutxiago ordaintzeko erabiltzen ari dela salatu du ELAk

ELAk salatu bezala, Nafarroak fiskalitatean duen eskumena aprobetxatzen dute bertako bankuek Espainiar estatuan baino zerga gutxiago ordaintzeko.

ELAren ustez positiboa da Nafarroako Parlamentuak hartu duen erabakia: bankuek ordaintzea hemendik aurrera Ekintza Juridiko Dokumentatuen Zerga (EJD), alegia, `hipoteken zerga´ luke ez buru ez hankarik, eta gainera, interes orokorraren aldetik kalte handia ekar zezakeen.

Eztabaida honetan hainbat gauza gogoratu behar dira: batetik, bankuek justizian, ekonomian eta politikan berebiziko boterea eta eragina dutela; eta bestetik, kutxa publikoetako diru-sarrerak gehitu beharra dagoela, Nafarroan presio fiskala oso apala baita. Datuak dira horren erakusle: Europako bataz besteko mailarekiko BPGaren 8,9 puntuko aldea dugu; beste modu batera esanda, berdinduko balitz 1.675 milioi euro jasoko lituzke Ogasunak).

Hori dela eta, ELAren iritziz Parlamentuak hartutako erabakia motz geratu da, eta diru-bilketa modu ekitatiboagoan egiteko aukera galdu da.

Kontuan izan behar da egungo EJD tasarekin (%0,5) urtearen lehen seihilekoan 7 milioi euro bilduko direla. ELAk uste du laukoak kale egin duela; izan ere, ezkerreko posizioetatik konpromiso politiko argia adieraz zezakeen, hain zuzen, diru-bilketa handitzeko, tasa, gutxienez, %2an ezarriz (Estatuan %1,5ekoa da).

Testuinguru honetan, EH Bilduren jarrera ulertezina da; zergaren aldeko botoa eman duen arren ez du sinetsita egin, baizik eta “arduragatik” (PP eta UPNren argudio berdintsuak baliatuz). Hiru indar politikoek nahi zuten zerga bertan behera uztea, bankuek ordainduko duten dirua bezeroei beste bide batzutatik kenduko omen dielako. Ideologikoki hau ez da bat ere koherentea, argudio hori muturreraino eramanez gero enpresek ez luketelako zergarik ordaindu beharko: finean, denek leporatu ahalko zieten zenbateko hori beren bezeroei.