ALDETU (LEMOA)

ELAk enpresren behin betiko itxiera eta langile guztien kaleratzea ekarriko duen EEEa baztertu du

ELAk enpresren behin betiko itxiera eta langile guztien kaleratzea ekarriko duen EEEa baztertu du
Hartzekodunen konkurtsoan urtebete baino gehiago igaro ondoren, konkurtso-administrazioak iraungitze Enplegu Erregulazio Espedientea iragarri du 47 langileentzat.

ELAk Lemoako Bolumburu industrialdean dagoen Aldetu automobilgintzako osagaien fabrikaren itxiera salatu du; 47 langile ditu gaur egun. Enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia joan den asteazkenean, otsailaren 25ean amaitu zen, akordiorik gabe.

Urtebete baino gehiago darama enpresak hartzekodunen konkurtsoan eta likidazio prozesuan. Administrazio konkurtsoak enpresaren behin betiko itxiera planteatu du, etorkizuna bermatuko lukeen eroslerik aurkitu ez delako. Jarduera datozen asteetan etetea aurreikusten da. 

ELAk administrazio konkurtsoaren eta egungo zuzendaritzaren jarduna kritikatu du, eta salatu du lantokiak lan karga handia izan arren itxiera aurrera eramango dela.

Iazko uztailean, Cikautxo kooperatibak Aldetu erosteko eskaintza aurkeztu zuen. Hala ere, enpresa batzordearekin akordiorik lortu ez zenez, eskaintza bertan behera geratu zen. Plantillak ez zuen proposamena onartu, langileen eskubideetan murrizketak jasotzen zituelako eta enpresaren jarraipena bermatuko zuen industria planik ez zuelako.

Sindikatuak berriz ere salatu du industria sarearen galera eta administrazio publikoen inplikazio eza, bere ustez kudeaketa egokiarekin bideragarria litzatekeen enpresa batean, bezero ugari eta lan karga handia baititu.