Benetazko politika industrialaren aldeko manifestazio jendetsua Bilbon

2016/04/23
Benetazko politika industrialaren aldeko manifestazio jendetsua Bilbon
Milaka pertsonek parte hartu dute gaur goizean Bilbon "Gure industriaren defentsan-Por una política industrial real" lelopean egin den manifestazioan. Honen amaieran ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen izenean irakurritako agirian "guztiz beharrezkoa dela, gure industriaren defentsan eta benetako politika industrial baten alde, istituzio desberdinak apostua egitea", azpimarratu da.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek izenenean irakurritako agiria:

Azken hiletan Euskal Herriko enpresa industrialetan itxierak edota kaleratze masiboak egiteko erabakiak ezagutzen ari gara. Hau gertatzen ari da hamarkadatan industri-politikarik izan ez delako eta gobernuak botere ekonomikoaren esanetara daudelako; euren lehentasuna propaganda dute, eta erreforma laboralaren moduko legeak ezartzen dituzte, hau da, gero enpresei halako erabakiak hartzeko aukera ematen dietenak.

Euskal Herriko enpresa industrial asko eta asko multinazionalen esku daude. Gobernuek, gainera, erabakiguneak hemendik kanpora eramateko prozesua sustatu egin dute: txaloka hasi dira Euskal Herriko enpresa bat saltzen zen bakoitzean. Guztiz beharrezkoa da, gure industriaren defentsan eta benetako politika industrial baten alde, istituzio desberdinak apostua egitea.

Sektore estrategikoen aldeko apusturik ez dago; orain banku bihurtuta, kutxak zituzten partaidetza industrialak saltzen ari dira. Agintarien kezka ez da proiektu konkretuak ateratzea, propaganda egitea baizik. Azken asteotan agerian geratu da arduradun instituzionalek herri honetako industria ez dutela bat ere ondo ezagutzen. Adibidez, Euskal Herria pairatzen ari den altzairugintzaren krisia dela eta.

Horregatik, milaka familiaren etorkizuna zalantzan dago. Industriarik gabeko herri batek ez dauka etorkizunik. Lantegi bat ixten denean kaltedun bakarrak ez dira bere plantillako langileak; halako erabaki batek azpikontratetako jendeari, garraiolariei eta fabrika dagoen herriari edo hiriari ere eragiten die.

Euskal Herriko langileen borrokari babesa eman nahi diogu. Etekinak lortzea beste helbururik ez duten multinazionalei duintasunez aurre egiten dietenak dira gizarte honen ordezkaririk hoberenak.

Horregatik, manifestazio bat deitu dugu  Bilbon: "Gure industriaren defentsan, por una política industrial real" lelopean..