ELAk salatzen du Lehen Arretaren zerbitzua murriztu behar izan dela Osakidetzaren plangintza txarragatik

2019/12/20
Osakidetzak osasun-zentro batzuk ordua baino lehen itxiko ditu, eta ondorioz erabiltzaileei zerbitzua eta sarbidea mugatuko ditu, giza baliabideen plangintza ezin txarragoa izateagatik.

Oporraldiak suzko bataioak izaten dira Osakidetzarako. Urtaro horietan argi eta garbi ikusten dira pertsonalean ez inbertitzeko, eta bereziki Lehen Arretan ez inbertitzeko erabaki estrategikoaren ondorioak. Izan ere, erabaki larri horrek zuzeneko eragina du herritarrengan eta Osakidetzako langileengan.

ELAk errepikatu du, negoziazio- eta ordezkaritza-foro guztietan, plantillak berritzeko Osakidetzaren gogorik ezak bere ondorioak ekarriko zituela erabiltzaileentzat eta profesionalentzat. Eta badira 10 urte baino gehiago horretaz lehen aldiz Administrazioari ohartarazi geniola, eta horrelakorik ez gertatzeko neurriak eskatu genizkiola.

Arduragabekeria horren ondorioz, langileen Gabonetako opor-txandak hartzeko, Osakidetzaren osasun-zentroetako ordutegia aspalditik murriztu izan da abenduaren 24an eta 31n, eta 20:00etan itxi beharrean, 17:00etan ixten ziren.

Aurten, lehen aldiz, Gasteizko 5 osasun-zentrotan, lehenago itxiko da Gabonetan, astebete osoan. Eta haietako batean ordutegi-murriztapen hori Gabonetako bi astera luzatuko da. Gainerako zentroetan egun zehaztuetan murriztuko da ordutegia. Erabaki horren eragina, herritarrengan ez ezik, larrialdi-zerbitzuetan eta PACetan sumatuko da, sortzen diren osasun-beharrizan guztiak zentro horietara bideratuko baitira.

Egoera hori ez da soilik Arabakoa, eta ez da mugatzen oporraldian osasun-zerbitzuak murriztera, emakume langileek beren librantza-eskubideak erabiltzen dituztelako. Bai Bizkaian eta baita Gipuzkoan ere, Osakidetzak behin eta berriz ukatu ditu langileek beren familia-bizitza eta lan-bizitza uztartu ahal izateko egin dituzten eskaerak.

Murrizketa hori Lehen Arretako profesionalen faltagatik gertatu da. ELAk zalantzarik gabe babestuko ditu langileen eskubideak; izan ere, gabezia horiek konpontzea ezin da inolaz ere Oskidetzako langileen bizkar erori. Neurri hori langileen eta erabiltzaileen eskubidea bateratzeko saiakera gisa planteatzen da, eta Osakidetzak salbuespenezko neurri gisa aurkezten du, egungo egoerak justifikatuta. Hala ere, ELAtik salatzen dugu egoera horien eragilea euskal osasun publikorako zuzkiduraren defizita dela, erakundeek nahita egiten dutena.

Lehen Arreta ezin da izan saski-naskia, administrazioak nahierara ireki eta itxi ahal izatekoa. Osakidetzak pertsonalaren plangintza egiteko ardura du. Urte asko daramagu plangintzarik gabe, Osasun Sisteman ez inbertitzeko borondate politikoaren ondorioz. Baina horren eragin txarra herritarrengan eta langileengan sumatzen da. Ongi dimentsionatutako plantillekin, langileek beren eskubideak erabiltzeko aukera izango lukete, eta herritarrek osasun-laguntza izango lukete, urteko beste edozein arotan bezala.