ELAk Mondragon taldeari eskatu dio Fagorreko eta azpikontratetako enplegua defendi dezala

2013/10/17
FAGOR Etxetresnak kooperatibak zordunen konkurtsoa eskatu duelarik, ELAk bere kezka handia adierazi nahi du talde honetako zein zeharka berarentzat diharduten langileen enplegua dela-eta.

ELAk MCC Taldeari galdegin dio irtenbide bat bilatzeko erantzukizuna bere gain har dezala, eta bide batez gogoratu nahi du FAGOR egoera honetara eraman duten erabakiak gaur MCCko zuzendaritzan dauden hainbat pertsonak hartu zituztela bere garaian.

ELAk berriro salatu behar ditu enplegua mespretxatzen duten politikak; hauek erabat aldatzea ezinbestekoa da, lanpostuak benetako lehentasun izango badira.

Sindikatu honek, gainera, nabarmendu nahi du Talde Kooperatiboan hartu diren erabaki batzuk (soldata jaitsierak, lanaldiaren luzapena...), Jaurlaritzak eta patronalak eredu gisa jarri izan dituztela. Alabaina, soldaten jaitsierak ez dauka zentzurik, eta arazoa larriagotu besterik ez du egiten.

Sindikatuok, kooperatiben barne arauak medio, ez daukagu ordezkaritzarik lantegi hauetan, eta ondorioz, komunikabideetan agertu den informazioa baino ez dugu jaso.

FAGORreko eta bere azpikontratetako langileei elkartasuna adierazte aldera, ELAko zuzendaritzako hainbat kidek deitzen diren mobilizazioetan parte hartuko dute.