Erreforma laborala areagotu egin dute langile-klasea txirotzeko

2012/05/25
Espainiako Diputatuen Kongresuak atzo erreforma laborala areagotu eta okerragoa egiten duen testu berri bat bozkatu eta Senatura bidali zuen; lehenengo bertsioak Hego Euskal Herrian martxoaren 29an egin zen greba orokor handia ekarri zuen.

 

Egindako zuzenketekin hainbat atzerapauso izango da, besteak beste:

· Hitzarmenen iraupena luzatzen duen epea laburtu dute; sinatutako iraupena amaituta bi urte ordez urtebete besterik ez da izango.

· Enpresarioak alde bakarreko erabakiz era irregularrean bana dezakeen lanaldi portzentajea gehitu dute, %5etik %10era. 

Horrek guztiak langile-klasea txirotzea beste helbururik ez du; soldatak jaitsiarazi nahi dituzte eta enplegua prekarioagoa egin. Oraingoan ere agerian geratu da agintzen duen klase politikoaren eta herritarren artean dagoen izugarrizko tartea. Halaber, nabarmen geratu da botere enpresarialak eta agintariek elkar hartuta jokatzen dutela. Patronala gaur pozik egongo da, etekinak handitzeko erraztasun handiagoa izango baitu.

Erreformarekin langile-klasearen eskubideak zeharo hondatuta geratu ziren. Talde parlamentarioen jarrerak pentsa arazten zuen testua okertu egingo zutela parlamentutik pasatzerakoan, baita halaxe gertatu ere. 

Horregatik guztiagatik, ELAk eutsi egiten dio bereari: erreformari aurre egiteko langileok enpresetan antolatu beharra daukagu, eta mobilizazioetan jarraitzea ezinbestekoa da.