Laminaciones Arregiko enpresa batzordeak negoziazioa errazteko elkarrizketa erronda hasiko du
Hona Hemen gaur goizean banatutako agiria
CELSA ATLANTICek (LAMINACIONES ARREGUI zena) azkentze EEEa aurkeztu zuen langile guztien kontratuak amaitzeko eta horrekin batera 2 lantokiak ixteko. Aurretik, 91 kaleratze, soldaten jaitsiera eta lanaldia luzatzea planteatu zuen baina langileok ez genuen onartu.
Hori dela eta, maiatzaren hasieratik (duela 5 hilabete!) langileok greban gaude eta orain arte enpresak 178 lankide kaleratu ditu, tartean Enpresa Batzordeko 4 kide, eta horrek ziurgabetasuna sortu die beraiei eta beraien senideei.
Momentu honetan, egoera erabat blokeatuta dago, enpresak Batzordearekin biltzeari uko egiten diolako. Dena dela, Enpresa Batzordeko kideok uste dugu akordio bat lortzeko aurrera pausuak eman behar direla eta akordio hori posiblea ez ezik, ezinbestekoa ere bada gatazkari irtenbidea emateko. Horretarako, kontaktu-bira irekitzeari ekin diogu, horren bidez negoziazio mahaia sortzeari begira bermeak jasotzeko.
Egoera hau Erreformen ondorioa da, enpresariei aldebakartasuna eskaintzen baitie. Horregatik, alderdietara eta instituzioetara jotzen dugu, gertaera hauen aurrean ikusle hutsak ezin direlako izan. Enpleguaren eta Arabako ehun industrialaren defentsan funtsezko ardura daukate, are gehiago krisi betean murgildurik gaudenean eta auzi honek sortu duen alarma soziala ikusita.
Ildo horretatik, zuen inplikazio zuzena eskatu nahi dizuegu enpresarekin edota bestelako eragileekin (SEA, CEOE, Eusko Jaurlaritza, Estatuko Instituzioak,..) gestioak egin ditzazuen, horien bidez egungo egoera desblokeatzeko eta negoziazio prozesu berri bat irekitzeko enpresaren Zuzendaritza eta Enpresa Batzordearen artean.
Gure aldetik, langile guztion ordezkaritza izanda, elkarrizketa bide hori irekitzeko prestutasun eta borondate osoa ditugula adierazi nahi dugu. Horregatik hain zuzen ere, Enpresa Batzordeak epe motzean distentsio neurriak hartzeko prest dago negoziazioa errazteari begira; negoziazio horren gaiak gatazkaren kausak (jarduera industrialaren etorkizuna, enplegu zoru bat mantentzea, balizko langile-soberakina aztertzea, lan baldintzak) eta ondorioak (kaleratzeak, Batzordearen kideenak barne, bestelako salaketak, errepresaliak ez egotea) izango direlarik.
Aldi berean, behin negoziazio mahaia osatuta, oso garrantzitsua izango zen alderdiek edota instituzioek bermatzaile lanak egitea, ziurtatzeko negoziazioa inolako presiorik gabe burutzen dela eta lortutako akordioak betetzen direla.
Hori guztia dela eta, ziur gaude CELSA ATLANTICeko langileok ez ezik, Arabako gizarteak ere oso ondo baloratuko duela zuen inplikazio zuzena gatazkaren konponbidean.