Langile bat larri zauritu da Zallako Lucart enpresan izandako istripu batean
Langile bat oso larri zauritu da gaur Lucart enpresan, Zallako (Bizkaia) Aranguren auzoan. Langileak, Grupo Alliance Aldi Baterako Enpresaren (ABLE) bidez kontratatuta, ez zuen laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzarik eta informaziorik. Bobina batek besoa harrapatu dio eta une honetan ebakuntza egiten ari zaizkio.
Guztira, dagoeneko 50 langile hil dira 2026an Hego Euskal Herrian lan istripuetan.
ELAk salatu du harrapatzeko arriskua duten makina industrialekin lan egiteko segurtasun neurri espezifikoak behar direla, bai eta lotutako arriskuei buruzko prestakuntza eta informazio egokia ere. Egoera hori kezkagarria da ABLEen bidez kontratatzen diren pertsonen kasuan, haien behin-behinekotasunak eta lan prekaritateak areagotu egiten baitute haien ahultasuna.
Sindikatuak salatu du lan prekarietateak lan baldintzak hondatzen dituela urtero. "Enpresak prebentzioan behar beste inbertitu ez izanak eta plantillen osasunari baino etekin ekonomikoei lehentasuna emateak agerian uzten dute enpresek ez dutela konpromisorik lan arriskuen prebentzioarekin", ohartarazi du.
Gauzak horrela, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta lan osasunaren arloan eskumena duten erakundeei eskatu die neurri sendoak har ditzatela prebentzio araudia betetzen dela bermatzeko, lan prekaritateari aurre egiteko eta enpresen ikuskapenera eta kontrolera bideratutako baliabideak areagotzeko. Helburua lan ezbeharrik ez izatea da.