ELAk bat egin du M18-Plazara mobilizazio egunarekin
ELAk uste du legezkoa dela sakabanatze politika amaitzea, gaixorik dauden presoak askatzea eta “Parot doktrina” delakoaren aplikazioa baztertzea. Sindikatu honentzat administrazio espainiar eta frantsesek kolektibo honi ematen dioten tratu berezi eta salbuespenezkoa gizalegearen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkakoa da, eta gainera agerian uzten du espetxe-politika horren arduradunek ukatzen dutena, hots, pertsona hauen status politikoa. Hain zuzen, sindikatuak bere kezka agertu behar du zenbait politikarik egin duten eskaria ikusita, justiziak “preso politiko” izena erabiltzen dutenei jazartzea alegia.
Horregatik, ELAk bere militante eta afiliatuei dei egiten die datorren maiatzaren 18an deituta dauden mobilizazio, agerraldi eta ekitaldietan.