Ikerketa biomedikoko langileek salatu dute Zientziaren Legea lau urtez ez dela bete
Osasun-ikerketa institutuko langileek salatu dute 2022an indarrean sartu zen Zientziaren Legea bete gabe daramala lau urte, eta oraindik ez dituztela lortu lan eta soldata baldintza duinak. Langileen arabera, zuzendaritzek eta Eusko Jaurlaritzak azkenik aurkeztutako proposamena onartezina da, ez duelako bermatzen Osakidetzako langileekiko baldintzen benetako parekatzea.
Kudeaketa arloan negoziazioek egoera desblokeatzea ahalbidetu badute ere, langile zientifiko-teknikoentzako proposamenak gabezia nabarmenak ditu. ELAk salatu duenez, kudeaketako langileek baino soldata txikiagoak eskaintzen dizkie, ez du Osakidetzako kategoriekiko benetako parekatzerik jasotzen, eta soldata igoeraren % 100 aplikatzea 2030era arte atzeratzen du. Horrek, gainera, doktoregaien kolektiboa hobekuntzetatik kanpo utziko luke, haien kontratuak data hori baino lehen amaituko baitira.
Langileek atzeraeraginari dagokionez ere tratu desberdina dagoela salatu dute. Kudeaketako langileentzat 2026ko urtarriletik aurrerako atzeraeragina onartu den bitartean, langile zientifiko-teknikoentzat ez da halakorik aurreikusi, eta hobekuntzak akordioa sinatzen den unetik soilik aplikatuko lirateke.
Langileen ustez, egoera horrek estatuko eta autonomia erkidegoko araudiaren etengabeko ez-betetzea dakar, araudi horrek haien lan baldintzak osasun sistema publikokoekin parekatzea agintzen baitu. Era berean, Eusko Jaurlaritzak, institutu horien arduradun nagusia den aldetik, ezin du aurrerantzean aurrekontu arazoetan babestu egindako aurreikuspen txarraren ondorioak justifikatzeko.
ELAk ohartarazi du egungo prekarietateak arriskuan jartzen dituela bikaintasun zientifikoa, talentuari eusteko gaitasuna eta osasun ikerketa publikoaren etorkizuna.
Horregatik, proposamena berehala zuzentzeko eskatu du, eta honako neurri hauek aldarrikatu ditu: Osakidetzarekiko benetako parekatzea, soldata egitura bidezkoa, atzeraeraginaren aplikaziorako data argia eta lanpostu guztiak mantenduko direla bermatzea.