Zuliana Lainez, Kazetarien Federazioko presidente berria, borroka sindikal eta kolektiboaren alde
Zuliana Lainez perutarra Kazetarien Nazioarteko Federazioko (IFJ) presidente aukeratu zuten joan den maiatzaren 6an, erakundearen mendeurrena ospatzeko Parisko kongresuan.IFJak 146 herrialdetako komunikabideetan lan egiten duten 600.000 lagun baino gehiago ordezkatzen ditu. Kongresu horretan IFJen Batzorde Exekutiboa berritu zen, eta 22 laguneko talde baten barruan, Zuliana Lainezekin batera arituko diren pertsonak aukeratu ziren, presidenteordetzan (Nasser Abu Baker palestinarra, Zied Dabbar tunisiarra eta Jennifer Moreau kanadarra) eta diruzaintzan (Rafaelle Lorusso italiarra). ELA IFJeko Euskal Herriko ordezkari bakarra da, eta Iván Gimenez komunikazio arduradunaren bitartez parte hartu zuen Kongresuan.
Mendeurreneko Kongresuak hainbat eduki garatu zituen, generoari buruzkoak (adibidez, Batzorde Exekutiboa paritarioa izatea onartu zen) eta politikoak. Horrela, Libanoko ordezkariak defendatutako mozio bat onartu zen, Israel gerra krimenen erruduntzat jotzen. Lankide argentinarraren ekimena ere babestu zen, Mileik Kazetariaren Estatutua indargabetu ez zezan; Argentinan prentsa askatasuna arrisku larrian dago. Bestalde, Adimen Artifizialari (AA) buruzko akordio bat onartu zen (kongresuaren eduki nagusietako bat). Akordio hori herrialde bakoitzean eta komunikazio-enpresa bakoitzarekin negoziatu beharko da, erabaki editorialak algoritmoen bidez har ez dadin, eta AAren garapenean materialak ez erabiltzeko edukien egileen baimenik gabe.
Bere hitzaldian, Zuliana Lainez presidente berriak azpimarratu zuen beharrezkoa dela "lanbidearen integritatea eta lan-baldintzak defendatzea", eta kazetaritza defendatu zuen "ondasun publiko demokratiko gisa; printzipio batzuk ezin dira negoziatu". AAri dagokionez, "eztabaida sindikal, etiko eta politikoa da; funtsean, botere eztabaida da". Azkenik, IFJ "kazetarien ahots nagusia" dela gogorarazi zuen; "gure sindikatuek langileak modu kolektiboan ordezkatu eta mobilizatu behar dituzte. Liberté, Égalité, Fraternité. Lankideok, bizitza luzea IFJI! Gora borrokatzen duten langileak!".