Eusko Jaurlaritzak kea saldu nahi du immigrazioaren beharrei erantzun ordez

2011/09/07
Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak Gizarte Gaietako sailaren bitartez iragarri du EAEn “Immigrazioari buruzko Itun Sozial” bat egin nahi duela. ELAren ustez, Plan hau ez da sinesgarria, ez benetakoa, Lopezen gobernuak immigrazio gaietan daraman politika ikusita. Irudi-kanpaina bat besterik ez dute egin nahi, zinezko immigrazio politikarik ez dagoela ezkutatzeko.

Horixe islatzen du bi urte igarota Zabaleta anderearen ardurapeko sailak oraindik immigrazio planik egin ez izanak, hor bilduko bailirateke gai honekiko jardunbide nagusiak; are gutxiago da sinesgarri Jaurlaritzak Heldu (paperik gabeko immigranteentzako aholku juridikorako zerbitzua) ixtea erabaki duenean.

 

Erabakiok, eta beste hainbat jokabidek –lan-baimenak eta senideak biltzeko baimenak ebazteko utzikeria, baimen administratiboak tramitatzeko tasen igoera onartu izana, edota Atzerritarren Legearekiko adostasuna– agerian uzten dute integrazio eta eskubideak aitortzeko politika batekin duen konpromiso eza.

 

ELAk gogoratu nahi du Jaurlaritzak immigrazio politikaz hitz egiteko esparru zabalagoa behar badu hortxe dagoela Immigrazioaren Foroa. Horregatik, Foro hau zenbateraino ote den eragingarri alde batera utzita, Jaurlaritzak beste foro bat asmatu du plan honekin, propaganda egiteko asmoz.

 

ELAren irudiko, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez die immigranteen beharrei erantzunik eman; horrenbestez, lehenbailehen Immigrazio Plan bati ekitea eskatzen dugu, eta ez dugu onartzen itxaropen ustelak piztu ditzakeen planik, jende immigrantearen oinarrizko beharrizanak asetzen ez dituen artean.