Portland- Valderribasek 250 lanpostu suntsituko ditu

2012/07/26
UGTk eta CCOOek men egin diote azkenean zementu-fabrikaren planari. Horretara eraman duen negoziazio-prozesua, gainera, iluna, elitista eta langileen partehartze demokratikorik gabea izan da.

 

ELAk uztailaren 25ean Portland Valderrivas-ek UGT eta CCOO sindikatuekin lortu duen akordioaaren alderdi hauek salatzen ditu:

  1. Akordio horren ondorioz 250 lanpostu suntsituko dira guztira, 8 lantegietan. Ez da zehaztu zenbateko eragina izango duen Olazti eta Lemoako lantegietan.

  2. Enpresak eta sindikatu sinatzaileek eraman duten negoziazioa erabat iluna izan da; langileek bitartean ez dute batere informaziorik jaso, ezta parte hartzeko aukerarik izan ere.

  3. Langileen ordezkariak gutxietsi dituzte negoziazioan, lantegi guztietan. ELAk gehiengoa du Cementos Lemona-n, eta bigarren sindikatua da Olaztiko Cementos Portland-en. Hala eta guztiz ere, negoziazioak Madrilen egin dira UGTren eta CCOOen federazioekin.

  4. Egoera hain muturrekoa izan da, ezen akordioaren edukiaren berri Zuzendaritzaren jakinarazpen soil baten bitartez jakin ahal izan baitugu. Ez dakigu sinatutakoa argitaratu dena baino zerbait gehiago ote den, zeren “malgutasun-neurriak”, “txanda-kontratuen etendura”, eta “mugigarritasun geografikoa eta funtzionala” iragarri dira.

  5. Enpresak langileak kaleratzen jarraitu nahi du bere negozio-arlo guztietan, enplegu-suntsipena beraz ez da amaituko 250 langile horiekin.

  6.  

Horregatik, errespetua eskatzen diegu Portland Valderrivas-ko, UGTko eta CCOOko zuzendaritzei lantegi bakoitzeko negoziazio-esparruekiko, eta ordezkaritza sindikaleko organoekiko.

Oraingoak bezalako garaietan, patronalak ezarri nahi dituen planteamendu atzerakoiak ikusita, sindikatuok gure zereginetan hartu behar ditugun oinarriak informazioa, hurbiltasuna, eta langileekin berekin iritziak alderatzea eta eztabaidatzea dira; baina inola ere ez sindikatuetako nagusiek patronalen proposamenei men egitea, plantillen ezkutuan eta isilpean.