"SUFRIMENDUAREN MAPA (AMAITUGABEA)" DOKUMENTUAREN AURKEZPENA
Sabino Ormazabal Elolaren lana aurkeztu du ELAk Donostian. Manu Robles-Arangiz Institutua Fundazioak editatua dokumentu hau indarkeriari, giza eskubideen bortxaketei, askatasunaren aurkako erasoei, eta biktimen sufrikarioari buruzko datu-bilketa irekia da. Edizio elebidunean, euskara-gaztelaniaz, kaleratzen da Sabino Ormazabalen lana, X. Aramburu "Artzai"k euskeratua.
176 orri dituen liburu honek Manu Robles-Arangiz Institutuaren presidente den German Kortabarriaren aurkezpena, sarrera, hamaika kapitulu eta gehigarri batez osatua dago.
Hitzaurrearen ondoren honako tituluak jorratzen ditu egileak hamaika kapituluetan: hildakoak, bahitutakoak edo desagerrarazitakoak; zauritutakoak, mehatxupean eta estortsiopean bizi direnak; askatasun demokratikoak murriztuta dituzten herritarrak eta taldeak; torturatuak, atxilotuak, espetxeratuak, erbesteratuak edo deportatuak; ondasun higiezinei, ibilgailuei eta bestelakoei egindako kalteak eta biktimak aintzat hartzea eta babestea. Ondoren, frankismoa, gure hurbileko memoriariari buruzko gehigarria eta bukatzeko, erabili diren iturriak aipatzen dira.
Sabino berak hitzaurrean agertzen duen bezala, "giza eskubideen bortxaketei buruzko datu-multzo handia egituratzea eta ordenatuta jartzea du helburu esku artean duzun txosten honek. Ahalik eta informazio-iturri gehien erabili dugu horretarako. Dena dela, biktimen eta horien sufrikarioaren zerrenda kuantitabiboa egiteak ez dauka zentzurik izenek eta zenbakiek ez bagaituzte benetako egoerara hurbilarazten, ez bagaituzte zenbaki horiei dagokien gizon-emakumeen larruan jarrarazten".
Egilearentzat, lau helburu hauek ditu lan honek:
* Indarkeriak eta giza eskubideen urratzeak gure herrian eragin duten sufrimenduaz ohartaraztea gizartea, edo horretan laguntzea behintzat.
* Biktima guztiekiko elkartasun aktiboa bultzatzea.
* Biktima guztiek eta haien familiek jasan duten sufrimenduaren ezagutza publikoa bultzatzea.
* Jokabideak eta jarrerak humanizatzen laguntzea, bakea eraikitzeko eta elkarbizitza berregiteko.
Abiapuntua dugu, bada, mapa-proiektu hau, biktimen oinazearen behin betiko mapa marraztu nahi lukeena. Bi arrazoirengatik diogu "behin betiko": sufrikario guzti-guztiak bildu eta aintzat hartzea nahi genukeelako, batetik; bestetik, gure herri honetan giza duintasunaren aurkako eraso guztiak behin betikoz amaitzea nahi dugulako.
Manu Robles-Arangiz Fundazioaren presidentea den German Kortabarriaren iritziz, "gorputz osoari egindako erradiografiaren gisakoa da Sabino Ormazabalek euskal gatazkak eragindako sufrimenduaz egin duen lana. Ez ditu aukeratu idazleak oinazearen batzuk, berari hurbilenekoak litzaizkiokeenak, eta ez ditu beste batzuk bazterrera utzi. Ez ditu, bestalde, sufrimendu batzuk eta besteak elkarrekin alderatu edo elkarren aurka jarri".
Alderantziz egin du: denak elkartu nahi izan ditu "gure sufrimenduaren mosaikoan, denborak urtzen ez duen eta gure gizarte honek aspaldi-aspalditik barruan daraman sufrikarioan. Norberak bere minari egiten diola negar esan ohi da. Sabinok, berriz, inguruan dugun sufrimendua begiratzera gonbidatzen gaitu, gizon-emakume bakoitzaren oinazea geure oinaze bihurtzera".
EGILEASabino Ormazabal Elola (Donostia, 1953), ekologista, bi seme-alaben aita, Joxemi Zumalabe Fundazioaren patronatuko kidea. Pasaiako Victorio Luzuriagan lan egin zuen zazpi urtez. Egun, Euskal Herriko mugimendu sozialen historia ari da prestatzen . Lan hori egiteko, eszedentzia eskatu zuen Gara egunkarian (iritzi-saileko erredakzioburua zen). Komite antinuklearretako eta Eguzki erakundeko kide izan zen, baita zenbait elkarte kulturaletakoa ere. Ekologismoaren historiaz eta desobedientzia zibilaz hainbat lan argitaratuak ditu. Egin egunkariko Ingurugiroa gehigarri historiko hartako arduraduna izan zen hamar urtez.
2000ko urriaren 5ean atxilotu egin zuten, beste zortzi lagunekin batera, Baltasar Garzón epaileak koordinatutako operazio batean. Leporatu ziotena, hauxe: "...Joxemi Zumalabe Fundazioa ETA-Ekinen estrategia politiko-militarraren aginduetara dagoela". Auzipetuta dago, noiz epaituko zain, 18/98 sumarioan, beste 68 lagunekin batera. Soto del Real espetxetik (Madril) bidalitako gutun batean Sabinok zioenez, "...errebelatzeko bide ez-biolenteoi, masiboei eta herritarrei ateak ixtea dute helburu, euskal gatazkatik indarkeriazko adierazpenak ezaba-tzeko aukerarik ez uztea. Horixe da, hain justu, beldurgarriena. Ez dute nahi desobedientzia zibileko jarduerak ernaltzerik; gatazka biolentoa inongo alternatibarik gabe utzi nahi dute... Kriminalizatu egin nahi dituzte ideiak, pentsamenduen askatasuna, elkartze-askatasuna, militan-tzia sozialerako askatasuna".