GRI Castings-era Eusko Jaurlaritzako kideak egindako bisita itxurakeria

2016/06/24
GRI Castings-era Eusko Jaurlaritzako kideak egindako bisita itxurakeria
Lotsagarria eta itxurakeria hutsa iruditu zaie ELA eta LAB sindikatuei atzo Arantza Tapia Industria Sailburuak eta Iñigo Urkullu EAEko Lehendakariak GRI enpresara egin zuten bisita. Kontutan izan behar dugu GRI enpresa berria, T.S. Fundiciones zenaren likidaziotik sortua dela.

ELA eta LABen atal sindikalen agiria:

Likidazioa eman zenean, une zailak bizi izan zituzten kaleratutako langileek. Euren lanpostuen defentsan borroka eredugarri bat egin ostean kaleratuak izanda ere, espekulatzaileak uxatzeko eta etorkizunera begirako plan industrial sendo eta egonkor baten bila borrokan jarraitu zuten. Eta egun, sortzen ari diren eta sortuko diren lanpostuen lan baldintza duinak bermatzeko lanean burubelarri ari dira.

Langileek enpresaren bideragarritasunean eta etorkizunean sinisten zuten, orain Gestamp bezalako taldeak egin duen moduan. Langileen borrokak fondo espekulatzaileek eskua sartzea majo gelditu du eta gaur arte lorturikoa neurri haundi batean, langileen borrokari esker izan dela azpimarratu nahi dugu.

Eta bide luze eta gogor honetan non egon da Arantza Tapia? Non eusko jaurlaritza? Hainbat eta hainbat dei eta inplikazio eskaera egin zizkieten langileek, baina eskari guztiei muzin egin zieten! Arantza Tapia, Urkullu eta konpainiak TS-ko langileak baztertu egin zituzten eta ez zuten langileekin biltzeko interes minimorik ere azaldu! Orain zertara dator argazki hau atera nahi hau? Etekin elektoralak atera nahi hutsa al da? Hori al da Eusko Jaurlaritzaren interes bakarra?

Langileak eragile eta herritar ezberdinen babesa jaso dute, elkartasun ikaragarriarekin batera, baina konpromezuak eskatu zirenean ez Eusko Jaurlaritzak ez gaur argazkira azaldu direnak, ez zuten maila eman.

Gaur ere argi geratu zaigu Urkullu eta Tapiak duten helburu bakarra konpromezurik gabeko argazkiekin etekin politikoak ateratzea dela! Oportunismoa eta protagonismoa baino, konpromiso garbia erakutsi behar dela pentsatzen dugu!