Greba Arabako mendebaldeko errepideen mantenimenduan
UTE Alava Oeste-ko 18 langileen lan-egoera erabateko prekarietatekoa da, zeren UTEak ez du betetzen, Arabako Foru Aldundiaren onespenaz, langileekin egindako ituna.
Lan-egoera hori nabarmen okertzen da, Aldundiak Neguko Plana abian jartzen duenean. Lanaldiak luzatzen dira, etengabeko 14 lan-ordu izateraino, eta lanaldien arteko atsedenaldia 12 ordukoa baino laburragoa izan daiteke. UTE Alava Oeste-k arriskuan jartzen du plantillaren osotasun fisikoa; eta Arabako Foru Aldundiak, horren berri jakin arren, ez dio mugarik jartzen egoera horri.
Horregatik, langileek greba mugagabea hasi dute gaur . Plantillaren eskakizunak hiru dira, indarrean dagoen itunaren aplikazioan oinarriturik. Itunaren aplikazioak zera dakar: abendutik hona sortu duten lanaldi-gaindikina ordaintzea aparteko orduen balioan, neguko planaren aplikazioa arautzea gerora begira, eta urteko egutegi bat finkatzea zaintaldeetan aritzeko. Langileak lan egiteko prest daude elur-alertaren kasuetan, baldin eta lan-segurtasunaren ingurukoa bermatzen bazaie, eta lanaldia luzatzearen orduak konpentsatzen badizkiete. Horrelako kasuetan lehentasuna hauxe izango da: lanaldien arteko 12 orduko atsedenaldia bermatzea, lanaldi-gaindikina aparteko orduen balioan diruz konpentsatuz.
UTE Alava Oeste-ko 18 langileen zerbitzua Arabako Foru Aldundiarentzakoa da, Arabako mendebaldeko errepideen segurtasunaz arduratzen baitira. Zehazkiago esanda, errepideak garbitu eta mantentzen dituzte, gorabeherei kasu egiten diete, Neguko Plana garatzen dute, eta abar. Funtsezko zerbitzua da herritarrentzat, eta hortaz lan-baldintza duinak izan behar dituzte.