ELAko Batzorde Eragileak exijitu du berehala aska ditzatela Txetx Etcheverry, ELAko militantea eta Manu Robles-Arangiz Fundazioaren arduraduna Baionan

2016/12/17
ELAko Batzorde Eragileak exijitu du berehala aska ditzatela Txetx Etcheverry, ELAko militantea eta Manu Robles-Arangiz Fundazioaren arduraduna Baionan
ELAko Batzorde Eragileak exijitu du berehala aska ditzatela Txetx Etcheverry, ELAko militantea eta Manu Robles-Arangiz Fundazioaren arduraduna Baionan, eta atzo atxilotu zituzten beste pertsonak.

ELAk gaitzetsi egin du estatuek bart desarmearen aurka egindako operazioa, eta Frantziak bere egin izana espainiar Gobernuak daraman lur kiskaliaren politika. Halaber, ELAk goraipatu egiten du gizarte zibileko ordezkarion konpromisoa, esku hartzea erabaki baitute gobernuek desarme ordenatu eta seguruari ekin nahi ez ziotelako; desarme modu hori, hain zuzen, Nazio Batuek eta hainbat erakundek jarritako irizpideen araberakoa litzateke.

Atxilotuak Ipar Euskal Herrian aski ezagunak dira bakezko bide demokratikoekin duten konpromisoagatik. Horregatik, ELAk eskatzen die komunikabideei ez dezatela parte hartu pertsona hauei buruz Barne Ministerioak antolatutako toxikazio estrategian.

Bakea nahi dugu. Desarme seguru eta ordenatua nahi dugu. Prozesu honen etsaiak sobera daude.

ELAk dei egiten du gaur arratsaldeko lauretan Baionan izango den manifestazioan parte hartzera.