ELAk ezinbestekotzak jotzen du Nafarroako Gobernuak sindikatuekin negoziatzeko agenda propioa antolatzea

2016/12/21
ELAk ezinbestekotzat jotzen du Gobernuak bere langileekin negoziatzea bai soldata eta bai lan-baldintzak, eta Madrilgo Gobernuaren erabakien zain ez egotea. Era berean, 2012ko aparteko ordainsaria 2017ko urtarrilean kitatzearen erabakia positibo baloratzen du, nahiz eta bai itzulketa eta bai honi buruzko informazioa berandu datozen.

%1eko igoera erabat eskasa da, arlo publikoko langileok jasan ditugun murrizketak kontuan hartuta, eta Estatuko aurrekontu orokorren menpe dator; gainera, aurrekontu hauek ez dira onartuko udaberrira arte. Gobernuari eskatzen diogu: bere langileekin akordioak negoziatzeko Mahai Orokorrean, Madrilgo esku-sartzeetatik at, Estatuak markatutako mugarik gabe; azken urteotan egindako murrizketak eta enpleguaren suntsiketa lehengoratzeko; enplegu publikoa sortzearen aldeko apustua egiteko eta arlo pubikoko langilen eskubideak eta eroste ahalmena lehengoratzeko.

Hezkuntzako LEPa dela-eta, ELAk uste du abenduaren bukaera oso berandu dela ekainean egingo diren azterketen espezialitateak iragartzeko, kontuan izanik gainera deituko diren plaza kopurua ezin izango dela oraindik jakin. Gobernuari eskatzen diogu azterketa hauek 2018ra atzeratzeko, data honetan informazio nahikoa izango baitugu bai espezialitateei buruz eta bai deituko diren plaza kopuruari buruz.