18/98 sumarioan auziperatuei elkartasuna

2005/11/21

Gaur 18/98 sumarioan auziperatutako lagunak deklaratzen hasi dira Madrilen epailearen aurrean. ELAko ordezkari Eustakio Uranga Madrilen dago, auziperatuei sustengua emateko.

Epaiketaren aurretik Eustakio Uragan azaldu duenez, "epaiketa hau egitea astakeri bat dela esan behar dugu berriro ere. Estrategia eta helburu politiko zehatz batzuen zerbitzura erabiltzen da Auzitegi Nazionala. Euskal Herriaren alde eta Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde lanean ari diren zenbait pertsona eta eragile politiko, sozial eta kultural legez kanpo jartzea da estratejia horren helburua".

Urangak auztian jarri du prozesuaren zilegitasuna: "Kode penala urratuz ez da legez kanpoko ekintza zehatzik ikertu, ez dago ETAri dirua edo informazioa eman beharrik, ezta beste edozein motako laguntza eman beharrik ere. Auzitegi Nazionaleko epaile eta polizientzako nahikoa da talde edo erakunde horien partaide izatea, ETAko kide zarela frogatzeko. Tesi horri jarraituz, zeharkako partaidetza, norberak nahi ala ez, jakin ala ez ematen da".

Azkenik, berme juridikoak errespetatzea eskatu du. "Auzipetuen berme juridikoak ez dira errespetatu. Besteak beste auzipetuen kopuruak, eskatzen diren espetxe- zigorrak, fidantzen zenbatekoak, arrazoi gabeko espetxeratzeak eta tortura eta tratu txarrak, ideologiaren kontrako eta bultzada politikoa duen ekintza judizial baten ondorioak dira".