ELAk zerbitzuaren publifikazioa eskatu du, lizitazio berriak baliogabetu ostean
Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) Euskadiko Osasun Garraio Urgentearen eta Ez-Urgentearen lizitazio berriak baliogabetu izanak anbulantzia zerbitzuaren kudeaketaren etorkizuna jarri du berriro ere eztabaidaren erdigunean.
ELAk, pleguen aurka errekurtsoak aurkeztu eta horiek partzialki onartuak izan ostean, uste du iritsi dela pribatizazio eredua alde batera utzi eta herritarrentzat funtsezkoa den zerbitzu horren kudeaketa publiko eta zuzenerantz urratsak egiteko unea.
Gaur egun, azpikontratatutako enpresen bidez, 1.800 langile inguru ari dira zerbitzu hori eskaintzen. ELAren iritziz, osasun-arretaren kalitatea, enpleguaren egonkortasuna eta lan baldintza duinak izan behar dira osasun garraioaren etorkizunari buruzko edozein erabakiren oinarri.
Hori dela eta, sindikatuak Osasun Sailari eskatu dio publifikazio prozesu bat abian jar dezala, ordezkaritza sindikalaren parte-hartzea eta egungo lanpostuen zein eskubideen bermea ziurtatuz.
ELAk exijitzen du Osakidetzak bere gain har dezala Osasun Garraioaren kudeaketa zuzena, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak jar ditzala, kalitatezko arreta publiko eta unibertsala bermatzeko.