Arcelor Mittal Aldi Baterako Erregulazio Espedientea luzatuta

ELAk errefusatzen du CCOOk, UGTk eta USOk adostutako akordioa

ELAk errefusatzen du CCOOk, UGTk eta USOk adostutako akordioa
Artxiboko irudia
Multinazionalak etekinak pilatzen dituen arren, enplegua suntsitzen jarraitzen du. Aldi baterako lan erregulazioak Etxebarriko (Bizkaia) eta Lesakako (Nafarroa) lantegiei eragiten die, baita AMDS banaketa sektoreko langileei ere.

CCOO, UGT eta USO sindikatuek ERTE bat adostu dute berriro Arcelor Mittaleko zuzendaritzarekin, iaz adostutakoa 2027ko abenduaren 31ra arte luzatzeko. ELAk errefusatu egin du Etxebarriko (Bizkaia) eta Lesakako (Nafarroa) lantegiei eta AMDS banaketa sektoreko plantillari eragiten dien akordio hori, honako arrazoi hauengatik:

- Arcelor Mittalek¡n etekinak % 72 handitu dira irailera arte, eta 2.975 milioi dolar irabazi ditu. Hala ere, espedienteen bidez, finantzaketa publikora jotzen du etengabe.

- Arcelor Mittalek urteak daramatza Euskal Herrian desindustrializazio prozesu bat bultzatzen, ekoizpen plantak itxiz, eta ez ditu ordezkatzen enpresatik alde egiten duten langileak.

- Lantegietan ez da inbertsiorik egiten, eta egoera horrek lan istripuen gorakada eragin du.

ELAk ezin konta ahala aldiz salatu du egoera Gasteizko eta Iruñeko gobernuen aurrean. Inbertsio gehiago, industria planak, kontratazioak eta espediente gutxiago behar dira. Bateraezina da komunikabideen aurrean etengabe jakinaraztea industriaren etorkizunari buruzko kezka izatea, eta neurririk ez hartzea Arcelor Mittalek enplegua suntsitzen duenean.