ARABAKO KIROL JARDUERA
Bost lanuzte deitu dituzte urrian
Kirol jarduerak eskaintzen dizkieten Arabako enpresetako langileek bost lanuzte egun deitu dituzte urrian, VI. Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioan akordiorik lortu ez delako.
Sei hilabete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, patronalak irailaren 2an amaitutzat eman zituen elkarrizketak. Langileek aurrerapenak aitortu dituzte lanaldiaren parekatzean, igande eta jaiegunetako plusetan eta APetan, baina oraindik ITaren baldintzak, antzinatasuneko hirurtekoak, baimenak eta “ordu hilak” dituzte aldarrikapen nagusi.
Greba egunak urriaren 7, 13, 15, 19 eta 23an izango dira, 8:30etik 10:30era eta 17:30etik 19:30era.
ELAk adierazi du akordioa oraindik posible dela, baina negoziazioan aurrerapenik ez badago, mobilizazioekin jarraituko duela ohartarazi du.